EAJren kontrola salatu du Ezker Abertzaleak

Oihana Elorza Gorostiza 2005ko aza. 11a, 11:00
Gaztetxea bota izana salatu du Ezker Abertzaleak eta horrek ekarri duena ikusita, EAJren kultura kontrolaren kultura dela dio, ez garapenarena. Gazteei alternatiba eskaintzea euren esku dagoela esan dio Ezker Abertzaleak EAJri eta autokritika serio eta publiko bat burutu behar duela. Salaketarekin batera, herriko gazteriarekiko elkartasuna adierazi du Ezker Abertzaleak.

Ezker Abertzaleak prentsa aurrekoa eman zuen eguen iluntzean Gaztetxeko azken gertakarien inguruko iritzia emateko: Gaztetxea bota izana eta martitzenean gertatutakoak salatu ditu Ezker Abertzaleak eta ekimen hauek arduradun zuzenak dituztela: Andoni Gartzia eta EAJ.

EAJren jarrera

Ezker Abertzaleak salatu du ere EAJk izan duen jarrera. Galdetu du ea zergatik bota duten Gaztetxea, ea hori den gazteek aurkeztutako eta burututako proiektuaren erantzuna. Esan du ere, Gaztetxea uzteko agindua eman ostean eta gazteak 24 orduko txandak egiten hasi zirenean, alkateak esan ziela ez txandarik egiteko, Gaztetxea bota aurretik abisatu egingo ziela eta, nahiz eta orain adierazpen horiek ukatzen dituen.

Salatu du ere EAJren estrategia dela kontrolatu ezin duena botatzea, ixtea eta horretarako ertzaintzaren beharra izatea. EAJren kultura kontrolaren kultura dela esan du Ezker Abertzaleak, ez garapenaren kultura.

Alternatiba eta autokritika

Ezker Abertzaleak esan du Gaztelekua ez dela baliogarri gazte sektore batendako eta orain arteko bidea itxi dutenen esku dagoela orain alternatiba eskaintzea eta eraikitzea. Oñatiko EAJk, Andoni Gartzia buru duela, autokritika serio eta publiko bat burutu beharko duela uste du Ezker Abertzaleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak