Jarri dute lehen harria Ugarkalden

Oihana Elorza Gorostiza 2005ko urr. 28a, 18:02
Eguerdian izan da ekitaldia. Babes ofizialeko hiru bloke egingo dituzte lehenengo. Datozen egunetan hasiko dituzte lanak. 300 etxebizitza egingo dituzte guztira, horietatik 210 babestutakoak.

Lehen harria jartzeko ekitaldian, metalezko pote handi bat sartu dute zulo baten. Barruan sartu dituzte: Gabriel Arestiren poema bat, San Simon eta San Juda eguna delako gaur, urriak 28; proiektuaren planoak; proiektuan parte hartu duten guztien izenak: arkitektoak, enpresak, teknikarik eta Udaleko lagileak, tartean; gaurko egunkariak; urriko Kontzejupetik aldizkaria; euroak, zentimo batetik hasi eta bi eurotarainoko txanponak; Udaleko ikurra. Don Sabinok bedeinkapena eman dio lehen harri honi eta ostean, lanak non hasiko eta nola jarraituko dituzten ikustera joan dira bertaratutako guztiak.

Ekitaldian izan dira bai proiektuaz arduratuko diren teknikariak, eraikuntza etxeko ordezkariak, Kutxako ordezkaria, Udalekoak, auzotarrak eta hainbat herritar.

Lanen hasiera

Faseka egingo dituzte lanak. Lehendabiziko fasean babes ofizialeko hiru bloke egingo dituzte, 75 etxebizitza, eta datozen egunetan hasiko dituzte lanak. Etxebizitza hauen zozketa urtea amaitu baino lehen egitea gura dute. Bigarren fasean, promozio libreko 60 etxebizitza eta tasatutako 15 egingo dituzte. Hirugarrenean, babestutako beste 80 etxebizitza eta laugarrenean, babestutako beste 40 eta familia biko 15 txalet.

Guztira 300 etxebizitza egingo dituzte, horietatik 210 babestutakoak. Lanak bost urtetan amaitzeko asmoa dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak