CUT planaren barne, kanpusa Oñatiko sarreran ipiniko dute

Asier Alkorta 2005eko urriaren 28a

Debagoieneko parke zientifiko eta teknologikoak bultzada handia jasotzen ari dira. Oñati, Unibertsitate eta Teknologia Hiria (CUT) proiektua, Espainiako Parke Teknologiko eta Zientifikoen Elkarteko kide onartu dute. Bestetik, Garaia Berrikuntza Guneak bi eraikin berri garrantzitsu izango ditu laster.

CUT, Oñatirendako proiektua

CUT, Oñatirendako proiektua

Oñati, Unibertsitate eta Teknologia Hiria proiektua Espainiako Parke Teknologiko eta Zientifikoen Elkarteko kide onartu berri izana oso garrantzitsua da, izan ere, horrek bidea emango die CUTeko enpresei bai Jaurlaritzatik, bai Espainiako Gobernutik ere, dirulaguntzak jasotzeko.

CUT proiektua, ordea, parke teknologiko eta zientifiko bat baino askoz gehiago da. Hori bultzatzen ari dira, batik bat, Ulma taldea, Mondragon Unibertsitatea eta Oñatiko Udala, eta CUT Elkarte Anonimoak darama aurrera. Elkarteko kide eta Oñatiko alkate Andoni Gartziak honela dio: "Unibertsitatea eta enpresak kokatzeko gune berria izango da, eta erabilera askotako gune batzuk ere sortuko dira. Hirigintza aldetik, Oñatiko sarrera hobetuko dugu eta oñatiarrendako leku ireki berriak sortuko ditugu. Oro har, CUT da Garaia gunearen proiektu osagarria".

Epe luzerako proiektua

Epe luzerako proiektua da, baina zati batzuk eginda edo egiten ari dira: Ulma Handling System lantegi berria bukatuta dago, eta asmoa da Gabonak aurretik han lanean hastea; horren ondoan, Ulma Packaging Technological Center lantegia egiten hasiak dira. Bietan ere, goi-teknologiarekin lotutako jarduerak egingo dituzte.

Hirugarren proiektua da CUTera hurbiltzea Mondragon Unibertsitateko Oñatiko kanpusa. Hori orain Ibarrako futbol zelaia dagoen lekuan egingo dute. Futbol zelai berria, belarrarekin, egingo dute Urrutxu goian, kanposantuaren ostean. Hirigintza proiektu handi batek eragingo dio Oñatiko sarrerari: Unibertsitateko aldapak, zubiko bidegurutzeak... dakartzan eragozpenak kentzeko biribil handi bat egingo dute. Datorren urte bukaerarako gertu izatea espero du Udalak. Lehen epeko lan horiek 20 bat milioi euroko aurrekontua dute.

Garaiaren eraikin berria

Debagoieneko beste parke zientifiko-teknologikoak, Garaiak, ere berritasunak ditu: aurrera doaz bere eraikin nagusi berriko lanak, eta 11 hilabete barru bukatuta egotea espero dute. Sei milioi euroko aurrekontua du.

Eraikin nagusiak bi planta izango ditu, zubi batek elkarri lotuta, eta 10.800 metro koadroko azalera izango du. Bere berezitasuna da oso eraikin ausart eta modernoa dela arkitektura aldetik. Kristalez estalitako bi bloke dira; batean, ikerketa laborategiak ipiniko dituzte; bestean, bulegoak. Denera, 350 langilek jardungo dute han. Estetika abangoardista hori borobiltzen da euri-urarekin betetako laku artifizial batekin eta terrazadun jatetxe batekin. Ingurumena ere errespetatu gura izan da, eta gune berde handiak izango dira.

Eraikin hori Garaiaren filosofiarekin bat joango da, hots, unibertsitate, zentro teknologiko eta enpresen ikerketarako espazio egokiak sortzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak