Azaroaren lehen asteburuan hasiko da umeendako zine denboraldi berria. Bi emanaldi egingo dituzte aurten ere, zapatuan eta domekan, 17:00etan. Dagoeneko ekarri dituzte lehen bi pelikulak: Robots eta Heroe a rayas.
Ikusle kopurua
Ia hiru urte, 2003ko urtarrilean, zabaldu zuten zine areto berria. 130 lagun sartzen dira barruan; horietako bi eserleku gutxitu fisikoendako gordeta daude. Domeka iluntzeko emanaldira joaten da, batez ere, jendea eta baita zapatu gauekora ere.
Joan den urtean, 14.720 ikusle joan ziren zinera. Aurten, iraila arte, 6.809 lagun joan dira. Urrian, ordea, arrakasta handia izan duten filmak bota dituzte eta jende asko joan da horiek ikustera: Aupa Etxebeste! 1.118 lagunek ikusi dute bota dituzten hamar emanaldietan eta Obaba zazpi aldiz eman dute.
Zine kluba
Zine klubak ikusle kopuru nahiko finkoa du: 50-60 bat lagun joaten dira, bataz beste, eguen oro. Honek ere hasi du denboraldia; eguenetan da, 20:00etan. Azaroan emango dituzten filmak, agendan daude.