Euskal Herriko makina bat lekutatik etorritako Arantzazuz bete zen Oñatiko Basilika domeka eguerdian. Zenbaketa zehatzik ez zuten egin, baina 300 Arantxa eta Arantzazutik gora bildu zirela kalkulatu zuen Arantxa Zubizarretak, Arrasateko antolatzaileetako batek.
Debozioagatik eta familiako ohituragatik
Topaketa eguerdiko meza entzun ostean egin zuten Gandiaga Topagunean eta ostean bazkaria egin zuten. Asko hedatutako izena bada ere, batez ere Gipuzkoa aldetik animatu ziren Arantzazu asko. Horietako askok gainera, familiaren tradizioarengatik daukate izena eta ohitura moduan daukate; belaunaldiak batu eta amama eta ilobak animatzen dira Arantzazuko topaketara. Izan ere, anekdota eta istorio asko entzuteko aukera egon zen domekako ospakizunean. Gehienek Ama Birjinarenganako debozioarengatik daukate Arantxa izena.
Antolatzaileen arabera, 50eko hamarkada inguruan oso ohikoa zen izena eta domekan bertan egondako gehienak belaunaldi horretakoak ziren.
Meza entzun eta gero, Gandiaga Topagunean batu eta bazkaltzera joan ziren Arantxak; guztira 200 bat emakumek eman zuten izena bazkarirako. Aurten, ospakizunaz gain, egun hau urtero antolatzen hasteko asmoa daukatenez, horretarako batzorde bat eratzea izan da Arantxen asmoa. Asmo horrekin bilera egiteko aprobetxatu zuten bazkalordua eta ondorena.
Arantxen batzordea
Arantxarik gehien orain dela 10 urte biltzea lortu zuten, 2.000 elkartzea lortu zuten eta. Ordutik hona, beste behin bakarrik egin da bilera hau, 2001ean, eta orduan ere 400 bat emakume igo ziren Arantzazura. Aurten, baina, egun hori maiztasun handiagoarekin ospatu ahal izateko antolaketa batzorde bat eratu gura izan dute.
Arantxa Zubizarretak azaldutakoaren arabera herri edo eskualde bakoitzeko ordezkariak aukeratu gura dituzte datozen topaketetako antolakuntza errazte aldera, orain arte Arrasatetik antolatu dute-eta eguna. Honela, ia urtero biltzeaz gain ahalik eta Arantxa gehienengana iristea da helburua. Izan ere, egunkarietan argitaratuta eta ahoz aho zabaldu ohi dute bileraren eguna.