Psikogeriatria zerbitzua San Martin egoitzan

Oihana Elorza Gorostiza 2005ko urr. 20a, 15:20
Psikogeriatria zerbitzua jarriko dute San Martin egoitzako hirugarren solairuan eta autonomoendako izango da laugarrena: logelak, instalazioak eta larrialdietarako irteera berriak ere egingo dituzte. Irailean hasi zituzten lanak eta sei hilabeteko epea dute.

San Martin egoitzan obrak egiten ari dira. Egoitzako alde zaharrean ari dira lanak egiten, hirugarren eta laugarren solairuetan, hain zuzen ere. Hirugarren solairuan, psikogeriatria zerbitzua jarri gura dute. Horrekin batera, laugarren solairuko logelak egokitu egingo dituzte eta instalazio orokorrak, igogailua eta larrialdietako zerbitzuak berriztatzeko ere aprobetxatuko dituzte lanak.

Psikogeriatria zerbitzua

Egoitza barruan egon arren, izaera autonomoa izango du psikogeriatria zerbitzuak. Jangela eta egongela propioak izango ditu, adibidez. Zerbitzu hau jartzeko, goitik behera berrituko dute San Martin egoitzako hirugarren solairua. 15 lagunendako tokia izango du eraberritu ostean.

Laugarren solairuan ere egingo dituzte eraberritze lanak. Arazo arkitektoniko guztiak deuseztatuko dituzte eta logela denak gurpildun aulkietan daudenek ere erabiltzeko moduan jarriko dituzte. Printzipioz, autonomoak diren lagunak egongo dira gero laugarren solairu horretan, baina beharraren eta eskariaren arabera erabiliko dute gero. beste berrikuntzak

Hirugarren eta laugarren solairuko lanez gain, beste hainbat berrikuntza ere egingo dituzte San Martin egoitzan. Eraikin barruan: aldatu egingo dituzte ateak, igogailuak arau berrira egokituko dituzte, ekipo elektrogenoa eta megafonia sistemak ere berriak jarriko dituzte eta larrialdi eta sute irteerak sendotuko dituzte. Eraikinaren kanpoaldean, berriz, egurrezko elementu guztiak kendu egingo dituzte eta horien tokian, aluminiozkoak jarriko dituzte.

Irailaren 22an hasi zituzten lanak eta sei hilabeteko epea dute. Lanen aurrekontua da 952.063 euro; %75a Foru Aldundiak hartuko du bere gain eta gainerakoa egoitzako fundazioko fondoarekin eta Kutxaren dirulaguntzekin ordainduko dute.

Zenbatendako tokia

Momentu honetan, 63 lagun daude San Martin egoitzan. Lanak amaitu ostean, 85 lagunendako tokia izango du herriko erretiratuen etxeak. Egoitzan dagoen norbait hiltzen denean, hara joateko zain dagoen beste herritar batek hartzen du haren tokia. Lanak bukatu arte, ordea, ez dute beste inor hartuko tokia egonda ere. Hala ere, San Martin egoitzan sartzeko interesa duenak izena eman dezake Udal Gizarte Zerbitzuetan: 943 03 77 00.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak