Landa eremuko emakumearen nazioarteko eguna da bihar, zapatua, eta jardunaldi berezia egingo dute goizean Arantzazun, Gandiaga elkargunean, Mendikoik antolatuta.
Gonbidatu asko
Zapatu goizeko jardunaldian 300 lagun inguru bilduko dira. Landa eremuan bizi diren emakumeak daude gonbidatuta, batez ere, eta agintariak ere izango dira: Izaskun Bilbao, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Gabriel Inclan, Jaurlaritzako Osasun sailburua; Gonzalo Saenz de Samaniego, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua; Izaskun Moiua, Emakundeko zuzendaria; Rafael Uribarren, Gipuzkoako Landa Ingurunearen Garapenerako diputatua eta Eloy López de Foronda eta Eusebio Larrazabal, Arabako eta Bizkaiko Nekazaritza diputatuak.
Erronkak eta osasuna
Bi hitzaldi emango dituzte jardunaldi honetan. Lehenengoan, landa eremuko emakumeak dituen erronkak eta arazoak izango dituzte hizpide. Lizarrako alkateak, Maria Jose Fernandezek emango du hitzaldi hau. Bigarrenean, berriz, landa ingurunean bizi den emakumearen osasunaz hitz egingo du Yolanda Perezek, osasun arloko ikerketa eta estatistika arduradunak. 10:00etan hasiko dute jardunaldia. Hitzaldiez gain, galderak egiteko aukera eta antzerki antzezpena ere badute.
Joan den urtean Gasteizen ospatu zuten nazioarteko egun hau. Aurtengoa, bigarren aldia da.