Jende uholdea espero dute Arantzazun barikuan

A.G. 2005ko ira. 5a, 10:29
Bederatziurren osorako 400 pertsonak hartu du aurten ostatu Arantzazun. Fededuna izan ala ez, asko dira egunotan santutegira oinez, bizikletaz edo autoz igotzen direnak.

Abuztuaren 31n, eguaztenean, ekin zioten Arantzazuko Andre Mariaren 2005eko bederatziurrenari. Aurten, 400 pertsonak hartu du ostatu bederatzi eguneko eliz ospakizunetan parte hartzeko eta asko dira egunero edo egun pasa santutegira igotzen diren bisitariak. Ostalarien esanetan, iaz bezainbeste jende dabil aurten. Fraide eta bisitarien ustez, ordea, parte-hartzeak behera egin du. Edonola, eguneko ekitaldi nagusiak, eguerdiko Meza Nagusiak, 500 fededun biltzen ditu egunero eta domekan aurreikuspen guztiak motz gelditu ziren. Fraideek jende uholdea espero dute barikurako, hilaren 9a.

Auzokide berriak

Oporraldiak bailiran hartzen dute fededun askok Arantzazuko egonaldia. Urtetik urtera egin ohi dute gehienek logelen erreserba eta eskaera berriek izena eman behar izaten dute txanda noiz hartuko zain.

Goizeko 9:00etan jaikitzen dira eta gehienek bi meza entzuten dituzte egunero. Eguneko gainerako orduak paseatzen, karta jokoan edo lagun arteko berriketan ematen dituzte gehienek. Badira, tartean, otoitzean eta gogoetan ordu gehiago ematen dituztenak.

Erromesaldia egunero

Joan den zapatuan Arabako Barrundiatik etorri ziren 225 lagun. "Batzuk oinez etorri dira eta beste batzuk autobusean", azaldu digu Antonio fraideak. "13:30ean meza emango dugu beraiendako". Egun beteko erromesaldietan bisitariek Ama Birjinaren irudia gertutik ikusteko aukera asko eskertzen dute. Jende mordoa igotzen da erretaularen atzeko aldetik irudia bertatik bertara ikustera. Ohitura da, aldi berean oroigarrien dendara hurbiltzea. Asko dira, oraindik ere, Arantzazuko gozokizko harriak, erroskilak edo ilobendako opari txikia erosi eta opariok bedeinkatuta etxera eramaten dituzten aiton-amonak.

Fraideak jendartean

Egunok oso bereziak dira Arantzazuko Frantziskotarrendako. "Jende gehiago ibiltzen da", esan digu Antonio fraideak, "Ez al dakizue Iruña, Gasteiz, Donostia eta Bilboren ondotik Arantzazuko Aste Nagusia datorrela?", esan digu irribarrez. Goizeko 7:30ean esnatzen dira eta beti aurkitzen dute norbait berriketarako prest elizaren inguruan paseatzen dabiltzan bisitarien artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak