Zinegotzien ordainketak arautzen dituen Udal arauak hauxe dio: hiruhilabete oro horrenbeste alditan agertu behar dira, gutxienez, zinegotziak Udaleko hitzorduetara ( lan batzordeak, osoko bilkurak eta gobernu batzordeak ). Justifikaziorik gabe arau hori betetzen ez badute, epe horretako dirusaririk gabe geldituko dira.
Uztailak 14ko Hazienda Batzordean gai hau mahai gainean jarri zuen Ereitten-ek, kontuhartzailearen txostena eskuan duela. Herri plataformaren esanetan, txosten horretan ere argi ikusten da Udaleko lau zinegotzik ez dituztela arauak betetzen eta berdin kobratzen jarraitzen dutela. Iñaki Galdos (EAJ-EA), Karmelo Perez (EB), Juan Mari Miner (PP) eta Anjel Hernandez (PSE) dira lau zinegotzi horiek. Ereittenek eskatu dio Udalari berak onartutako arautegia betetzea.
Proposamenak
Ereitten-ek proposatu du Hazienda Batzordean: bere eginbeharrekin betetzen ez duten zinegotzien kobraketak bertan behera gelditzea; arautegia betetzea eta honako kargu publikoei kobratutako diru bueltatzea exijitzea; pertsona hauek ez badute dirua bueltatzen, neurri disziplinarioak hartzea beraien aurka.
Azken eskaera hau lekuz kanpo zegoela iruditu zitzaien eta EAJ-EAk egindakoa aterako da aurrera: zinegotzi bakoitzari eskutitz bana igorriko die arautegia gogora araziz. Irailean dute asmoa martxan jartzea.