Oñatiko gazte asanbladak herriko plaza okupatu du asteburuan

A.G. 2005ko eka. 27a, 11:17
Tentsio uneak bizi izan ziren zapatu eguerdian ertzaintza bertaratu zenean. Alkatearekin negoziazio batera iritsi ziren gazteak .

Bariku gauerdian okupatu zuten herriko plaza. Oñatiko gazte asanbladak bultzatutako okupazio sinbolikoa zen "kaleko jendeari adierazteko gu kalean garela", esan digu asanbladako kide Ainhoa Duhaibik.

Hamabost kanpinetan banaturik 50 bat lagunek igaro zuten barikuko gaua herriko plaza erdian. Kartoizko gaztetxea ere eraiki zuten, kanpaldiaren erdi-erdian jarri eta apaindu zutena.

Tentsio uneak

Gosaria egin ondoren hasi ziren tentsio uneak akanpatuen artean. “17 urtetik beherakoen etxeetara deitzen hasi ziren”, adierazi digu asanbladako kide Mikel Kortak. “Ezer gertatzen bazen gurasoak zirela erantzuleak”, mehatxatu zuten.

Gurasoek, urduri, herriko plazara jo zuten eta jende multzo handia batu zen. "Ertzainak agertu ziren eta 13:00etarako kanpinak kentzeko esan ziguten".

Oñatiko alkate Andoni Gartzia ere bertaratu zen. "Itxura kontuak zirela eta kanpinak erretiratzeko exijitu zigun. Asanblada egiten ari ginen gu eta gurekin batera eseri zen. Garbi hitz egin genuen. Azkenean, eta asko kostata, soluzio batera iritsi ginen". Frontoian egin zuten zapatuko gaua gazte asanbladako kideek. San Martin ermitako arkupe azpian batzen dira eta ekintzak burutzeko lokal librea behar dutela aldarrikatzen dute.

Egitarau zabala

Okupazio sinbolikoaz gain, ekitaldi multzoa zituzten antolatuta gazte asanbladakoek astebururako. Pilota partidak, tailerrak, hitzaldiak... gehienak burutu dituzte azkenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak