Herri barruan bizikletaz ibiltzeko errepide sarea egitekotan dira

Herriko ikastetxeak, auzoak, zerbitzuak eta lantegiak lotu nahi dituzte bizikletaz ibiltzeko errepide sare batekin. Herri barruko garraiorako bizikleta erabiltzea bultzatu nahi dute.

Txirrinka taldeak herri barruan bidegorria jartzeko eskaera egin zuen. Orain, Udalarekin eta Aldundiarekin batera ari dira herri barruan bizikletaz ibiltzeko errepide sare bat antolatzen.

Dagoeneko proiektuaren ildoak idatzi dituzte. Asmoaren alde onak, txarrak, abantailak, zabalkundea, oztopoak eta bestelako puntuak idatzi dituzte. Bizikletaren erabileraren aldeko kanpainak ere egingo dituztela esan dute. Aldundiko teknikari batekin egin dute lana eta datozen hilabeteetan Zorione Galdos oñatiarrak proiektu hau bideratzen egingo du lana.

Herri barruan bizikletaz

Asmoa da herri barruan egiten diren desplazamenduak bizikletaz egitea. Etxetik lanera, eskolara edo posta etxera, adibidez, bizikletaz joatea eta ez autoan. Dagoeneko bizikletaz ibiltzeko errepide sare honek lotu beharko lituzkeen guneak markatu dituzte mapa batean: ikastetxeak, auzoak, erdigunea eta lantegiak, besteak beste.

Irailean berriro ekingo diote bilerak egiteari proiektua aurrera ateratzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.