Soi Edwin kenyarra izan zen azkarrena Oñatiko III. Herri Lasterketan

Xabier Urtzelai 2005ko eka. 13a, 19:37
Emakumezkoetan, Simret Sultanek 12 segundotan hobetu zuen Cristina Petiteren marka. Oñatiarren artean, Ritxar Fernandez 9.a izan zen (15:00) eta Asier Osinaga 16.a (16:26).

Gizonezkoena baino ordu erdi lehenago izan zen emakumezkoen lasterketa, eta gura beste eskertu zuen hori lasterketako irabazle Simret Sultan eritrearrak. Bistan zen lehenago edo geroago euria bota behar zuela, baina lainoek gizonezkoen lasterketara arte itxoin zuten. Lurzorua lehor zegoela, erritmo bizian hasi ziren lasterketako bederatzi emakumeak.

Lehenengo bi itzuliak batera egin zituzten, baina bosgarren itzulirako Simret Sultan eta Joan Aiyabei ziren lasterketan agintzen. Horrela egin zituzten beste bi itzuli, baina Eritreakoak, gorputzaldi hobean zegoela erakutsita, erritmoa aldatu, apur bat estutu, eta berehala eskuratu zuen hainbat metroko abantaila. Keniarrak ezer gutxi egin ahal izan zuen, eta joan den urtean Cristina Petitek egindako marka (15:37) hamabi segundotan hobetuta irabazi zuen Simretek (15:25).

Gizonezkoak, estu-estu

Lasterketa amaitutakoan aitortu zigunez, gizonezkoetan azkarrena izan zen Soi Edwinek argi zeukan lasterketan bera izango zela azkarrena. Lau tanta nahikoa izan ziren lurzorua bustitzeko. Proban esku hartutako 21 korrikalariek batera egin zituzten lasterketako lehenengo lau itzuliak.

Tartean ziren Asier Osinaga eta Ritxar Fernandez oñatiarrak, ahal zuten moduan eusten: "Afrikarrek gura izan duten arte ibili gara eurekin; aspertu direnean, urrera egin dute. Ikustekoa da nola dabiltzan, joan den astean euretako bik zazpi minutu eta berrogei segundo baino gutxiago egin zuten 3.000 metroko lasterketan", esan zigun Ritxarrek proba eta gero.

Esandako moduan, laugarren itzulitik aurrera hasi zen afrikarren arteko lehia; eta zelako lehia, gainera. Zailtasunak zituzten bihurguneak gura moduan hartzeko, eta aurrea hartu guran, dantzan ikusi genituen ukalondoak. Bat baino gehiago ahalegindu zen erritmoa aldatu eta gainontzekoak atzean uzten, eta 1.111 zenbakidun Soi Edwin izan zen hori lortzeko gauza.

Lasterketa amaiera estua izan zen; bi segundoko aldeagatik irabazi zuen kenyarrak. Podiumeko beste bi postuak ere garesti egon ziren; segundo bateko aldeagatik gailendu zitzaion Sahla Warga etiopiarra Habotay Kiflectsion eritrearrari. Probako errekorrak, baina, Peter Kamais-en esku jarraitzen du (13:02).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak