Ganbara, musika klasikoa, jazza eta Iparraldea, aurtengo Musikegunetan

Leire Kortabarria 2005ko mai. 6a, 13:28
Oñatiko 27. Musikegunak etzi, domeka, hasiko dira. Aurten zenbait berezitasun dakartza egitarauak: besteak beste, Ganbara abesbatzaren parte-hartzea, kontzertu didaktiko bat eta Iparraldeko kantarien emanaldia. Atzo, eguena, aurkeztu zituzten Musikegunak Oñati eta Azkoitiko Udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Aurtengo lau emanaldietatik hiru, hilaren 8, 15 eta 22koak, Santa Anan izango dira, 19:30ean; azkena, hilaren 28koa, Zubikoako pilotalekuan egingo dute, 22:30ean.

Egitaraua Neofusion taldeak hasiko du etzi, domeka. Gaur egungo musika klasikoa eta XX. mendeko era guztietako musika sustatzen du talde horrek. Akordeoiak, biolontxeloak, bi biolinek eta biola batek osatzen dute.

Hilaren 15ean, Oñatiko Ganbara Abesbatzak egingo du emanaldia. Berau egitarauan sartzea erabaki zen 10. urtemuga borobiltzeko modu bezala, eta taldeak aspaldi erakutsi duelako bere maila artistiko handia.

Jazza eta Iparraldeko doinuak

Jazzaren historiaren gaineko kontzertu didaktikoa da eskaintza berezietako bat, hilaren 22an. Tam tametik tom tomera du izenburua eta Pirineos Jazz Orchestra taldeak egingo du. Horren berezitasuna da, musika egiteaz gain, antzeztu ere egiten dutela. Musika beltzaren azpiestilo guztiak erakutsiko dituzte: afrikar erritmoak, bluesa, ragtimea, swinga, rocka…

Azkeneko kontzertuan beste oñatiar bat izango dugu: Ruper Ordorika, Hiru Trukurekin oraingoan. Iparraldea Oñatin egitasmoarekin eta Laixanekin antolatutako kontzertua da. Hiru Truku; Niko Etxart, Dominika Etxart eta Robert Larrandaburu; eta Maddi Oihenartek egingo dute emanaldi hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak