Lasterketa ikusgarria Aloñako mendi magaletan

A.G. 2005ko mai. 2a, 12:05
Gizonetan Zincak erabaki zuen proba jaitsieran eta Olazabalek erraz irabazi zuen emakumeetan. Debagoienetik 59 korrikalarik hartu zuten parte proban eta horietatik 29 oñatiarrak izan ziren.

Arrakasta izugarria izan zuen Aloñako lehenengo igoerak. Eguraldia ere lagun izan zuen probak eta horrek asko laguntzen du. Ibilbidea ezezaguna zen parte-hartzaile gehienendako eta batek edo bestek aldaparen batekin sorpresa izan zuen. Hala ere, jaitsiera izan zen gogorrena. Ordurako hankak gogorturik zituzten korrikalariek eta lurraren kontrako kolpeek min handia eman zieten zangoetan.

Gogor hasi zuten lasterketa korrikalariek eta hasieratik taldetxo bat aurreratu zen. Urtiagainen Zinca, Garin, Mendiola, Urdanpilleta, Ezpeleta eta Olabarria pasatu ziren besteengandik zertxobait aurreratuak. Nesketan Olazabal bakarrik zihoan ordurako. Garinek erritmoa handitu zuen eta Belarren 10 segundo ateratzen zizkion Zincari. Mendiola 34 segundora pasatu zen eta zertxobait atzerago pasa ziren Olabarria eta Urdanpilleta. Olazabalek gero eta diferentzia handiagoa zuen eta bere erritmoari jarraituz garaipena poltsikoratuko zuela bazekien. Aloñako puntan ez ziren gauzak asko aldatu. Garin pasatu zen lehenengo postuan eta hurrengo korrikalariak Belarreko berak izan ziren.

Jaitsiera erabakigarria

Igotako dena jaitsi behar zuten korrikalariek eta hori izan zen Zincaren indargunea eta Garinen ahulgunea. Emakumeetan abantaila handia zuen Olazabalek eta ez zuen arazorik izan lehenengo postuari eusteko. Helmugan, leher eginda, Zinca izan zen lehenengoa. Atzetik Olabarria heldu zen eta hirugarren Debagoieneko lehena: Mendiola. Antolatzaileak pozik agertu ziren lasterketarekin. Parte-hartze handia egoteaz gain, itxura ona eman zuen lasterketak eta parte-hartzaileak zapore onarekin gelditu ziren.

GOITBk saio berezia

Bertan izan genituen GOITBko lankideak eta martitzenean 22:30ean eta eguaztenean eguerdiko 15:45ean eta gabeko 21:00etan saio berezia eskainiko dute. Lasterketaren irudiez gain, protagonisten inpresioak entzuteko aukera ere egongo da. Bestetik, lasterketako antolatzaile eta parte-hartzaile izan den Iban Isasti ere izango da platoan igoera komentatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak