Liburuaren Eguneko ekintzak antolatu ditu Udal Liburutegiak

Leire Kortabarria 2005eko apirilaren 15a

Nazioarteko Liburuaren Egunaren inguruan, ipuin kontaketa eta Jasone Osororekin literatura tertulia antolatu ditu aurten Udal Liburutegiak. Ipuin kontaketa saioa hilaren 20an, eguaztena, izango da; tertulia, hilaren 26an.

Kontukantoi ipuin kontalarien bisita izango dute liburutegiko bazkideek hilaren 20an, eguaztena. Beatriz Egizabal kontatzaileak eta Cesar Marcos marrazkilariak osatzen dute talde hori. Beatriz Egizabal irakaslea da ikasketaz, baina ipuinak irakurtzea eta kontatzea da bere benetako bokazioa, eta zortzi urte darama ipuinak kontatzen. Oihulari Klown taldean jardundakoa da. Cesar Marcosek Beatrizen hitzak iruditan ipintzen ditu. Bi emanaldi egingo ditu hilaren 20an: 17:30ean, 6-8 urte bitarteko umeendako, eta 19:30ean, helduendako (azken honetan, bakarrik kontalariak egingo du saioa).

Bestetik, Literatura Solasaldien zikloaren barne, Jasone Osoro elgoibartarrarekin berriketaldia izango da hilaren 26an, martitzena, 19:30ean. Bi urtean egin dituzte literatura solasaldiak, eta lehenengo aldiz emakumezko idazle bat etorriko da. Horrez gain, Osorok giza harremanak erotismoaren ikuspuntutik lantzen ditu, eta liburutegiak bera gonbidatzeko beste arrazoi bat da ikuspuntu hori orain arte ez dela landu.

Mendeurren garrantzitsuak

Azkenik, udal liburutegiak gogorarazi gura du aurten oso urte garrantzitsua dela literatura gustuko duten guztiendako: On Quixote klasikoaren laugarren mendeurrena da, Jules Verne idazlearen heriotzaren mendeurrena eta Hans Christian Andersen idazlearen jaiotzaren bigarren mendeurrena, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak