Ganbara abesbatzak 10. urtemuga ospatzeko azken ekitaldi jendetsua egin du

A.G. 2005ko api. 11a, 11:02
Oñatiko Ganbara abesbatzak hamar urte egin dituela eta, kontzertua antolatu zuten Oñatiko pilotalekuan. Ganbarakoek lagun izan zituzten herriko beste hiru abesbatzak ere.

Ganbara Txikitxoa, Ganbara Txiki eta Oñatiko abesbatza lagun zituztela egin zuten kontzertua Oñatiko Ganbara abesbatzakoek.

Lagun asko izan zituzten pilotalekuko harmailetan: lehen urteetako partaideak (bat baino gehiago penaz korua utzi behar izanagatik), J. Busto konpositore ezaguna (O.G.A.-k Gipuzkoako koruentzat ispilu izan beharko lukeela esanez), Burgosko La Cantoria koruko partaideak beren kasa etorrita ("Kantaldi batean gerta dakizukeen txarrena hauen ondoren kantatu beharra da" zioen haietako batek), Cocentainako jaialdi eta ibilaldietan taldearen gidaria izan zen eta orain laguna den Mari, eta nola ez, tabernako barra ostetik koruari orduak eta maitasuna eskaini dizkion Antton Elorza, kolakaoak prestatzen esku bikaina izateaz aparte, koruko kontu askoren jabe, eta oholtza gainean komunikatzaile aparta (A zer nolako saioa larunbatekoa! Aurkezlea ere txiki utzi zuen).

Lagun guztiak gogoan

Birtuosismoa eta bikaintasuna alde batera utzirik, parte hartzea lehenetsi eta koruaren bizitza laburrean zeresana izan duten guztiak gogoratu eta errekonozitu nahi izan zituen Ganbarak zapatuan.

Aitor Elduaienek diapositiba eta musikaz lagunduta izan zuen koruaren ibilbide laburra kontatzeko ardura. Avileseko une gazi-gozoak, eta Ejea, Cocentaina eta Rojaleseko arrakastak ekarri zizkigun gogora, J.A. Azpiazuk prestatutako narrazioa lagun.

Musika kontaketaren euskarri eta laguntzaile bihurtuz, Carmen amicitiae eskaini ziguten hasierako uneen oroigarri. Se equivocó la paloma Avileseko tristurak ez ahazteko, eta S´ha feito de nuey ondorengo arrakasten ikur.

Ikusleekin batera kantatutako Nerea izango zen eta beste hainbat kanta ere entzun ahal izan ziren. Ganbara Txikitxoa, Ganbara Txiki eta Oñatiko abesbatza eta hainbat musikari lagun, Freedom Trilogyrekin amaitu zuten jaialdia, pilotalekua bete zutenen txaloen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak