Dena prest Itzuliaren amaierarako

Oihana Elorza Gorostiza 2005ko api. 8a, 11:30
Ibilgailuen abiadura murrizteko kalean dauden oztopoak kendu egin dituzte eta loreekin irudi bereziak egin dituzte. Eguerdian Arantzazura iritsiko dira txirrindulariak eta arratsaldeko erlojupekoa 15:30ean hasiko da posta etxearen parean. Kaleak itxita egongo dira arratsaldean.

Atzo iluntzean txirrindularien taldeetako autoak ikusten ziren herrian, batzuk arratsaldeko erlopupekoa egingo duten ibilbidea bilatu nahian. Ibilbideko ertzetan jarriko dituzten hesiak ere pilatuta zeuden izkiñetan eta ibilgailuendako oztopoak kenduta.

Kaleak eta errepideak itxita

Eguerdian 14:00etan itxi egingo dute Elorregirako bidea Madalenako gasolinegi parean; erdiko kaleak eta erlojupekoa egingo duten auzoetakoak ere itxita egongo dira. 18:30ean zabalduko dituzte errepide eta kaleak.

Erlojupekoaren ibilbidea

Arratsaldeko etapak 9,3 kilometro ditu eta posta etxetik abiatu ostean kanposantuko bidea hartuko dute; errotondan sahiesbiderantz hartuko dute; Torreauzon sartu eta Zañartu eta Garagaltza aldera joango dira Lamiategi baserriraino eta Arregi baserrira doan aldapa igoko dute; Garagaltza pasa eta kanposantuan behera datozela, berriro sahiesbidea hartuko dute Legazpirako norabidean; Santa Ana komenturako bidegurutzea hartuko dute berehala; tuneletik pasa, osasun zentroaren paretik gero eta Etxeberrialde baserri paretik behera, Unibertsitate etorbidea zeharkatu eta plazan amaituko dute etapa.

Aitor Osa itziartarra mailot horia aldean duela etorriko da Arantzazura. Aurtengo Itzulia Zarautzen hasi zen astelehenean eta gaur arratsaldean amaituko da Oñatiko plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak