Bizikletak hartu eta herri-txikiteoa antolatu zuten Oñatiko gazteek

Marijo Deogracias 2005ko api. 4a, 11:00
Egubakoitzean Oñatin amaituko da Euskal Herriko Itzulia eta herriko Gazte Asanbladak girotze lanari ekin zion zapatuan: bizikleta txikiteoa egin zuten gazteek.

Triki-poteoa egin izan dute askotan herrietan, zapatuan Oñatin, bizikleta txikiteoa egin zuten Gazte Asanbladako lagunek. 50 bat gazte elkartu ziren eguerdian Oñatiko hogei bat tabernatan zehar, bizikletan, ibilbidea egiteko.

Bazkalostean izan ginen eurekin herriko plazan, eguzkipean. Banaka barik taldean aritzen direla eta horregatik ez dutela banaka erantzun nahi; beraz, taldean aritzea proposatu genien eta baita kasu egin ere. Guztiek zuten zerbait esateko: "gazteok elkar ezagutzeko antolatu dugu bizikleta txikiteoa", "herrian gazteak ere aritzen garela erakusteko", "gure artean hartu-emanak sendotzeko", "gazteek elkarrekin jarduteko"… zioten. Jarduteko ze, elkartzeko lekurik ez dute.

Gaur egun, kultura etxeko erabilera publikoko gelak erabiltzen dituzte euren batzarrak egiteko. Antza, Gaztelekuan elkartzen hasi ziren, baina Gazte Asanblada bezala sortzeko izan zuten topalekuan batzeari laga diote orain hilabete batzuk. "Udalak Gaztelekuaren erabilera mugatu egin du eta guk ez dugu gure egitekoa inork mugatu dezan gura", zioen batek. "Horregatik negu gordinean udaletxepean egin izan ditugu batzarrak", azaldu zigun beste batek. "Baina azkeneko hilabetean kultura etxeko gelatariko bat eskatzen dugu eta han egin izan ditugu batzarrak", azaldu zigun beste oñatiar gazte batek. "Batzarrak irekiak dira eta ahalik eta gazte gehien etortzea gura dugu".

Bihar hasten den Euskal Herriko Itzulia Oñatin amaituko da egubakoitzean, hilak 8, eta horren aitzakiaz antolatu zuten bizikleta txikiteoa zapatuan Oñatiko Gazte Asanbladakoek. Herriko hogei bat taberna sartu zituzten ibilbidean eta mapa eta guzti eguerditik ibili ziren herrian gora eta behera.

Ibilbidea ondo baino hobeto antolatu zuten: "Ez ditugu tabernak errenkadan jarri gure mapan. Azken batean herritarrek gu ikustea nahi izan dugu eta hori dela eta, taberna batetik bestera bizikletan ibilbidetxoa egiteko aukera ematen duen bidea antolatu dugu" azaldu ziguten gazteek.

Plazan bazkaria

Herriko plazan, eguzkipean, bazkaldu zuten 15:00ak aldera eta ordurako bost tabernatan egonak ziren. "Tabernariek ere oso ondo hartu gaituzte; olibak ere atera dizkigute" esan ziguten oñatiarrek. Gurekin egon ostean ekin zioten berriz ibilbideari, globoz apaindutako bizikletetan eta txilibituaz abisua emanez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak