Oñatiko herri plataformako kide Marijo Altubek esan zituen sarrerako hitzak. Besteak beste, preso politikoak izan zituen gogoan. Haren ostean, Arnaldo Otegik jakinarazi zuen hauteskunde kanpainan parte hartuko dutela Batasunaren izenean, herritarrenganako duten konpromisoarengatik. Oztopo guztien gainetik, Batasuna aurrera leloa aukeratu dute horretarako. Otegik gaineratu zuen, besteak beste, asko dagoela jokoan, benetako bakea lortuko duen prozesua irekitzea, hain justu ere. Halaber, esan zuen, hori, ezinbestean, hauteskundeen ostean gertatuko dela, hauteskunde ostean sendotu egingo dela orain abiarazita dagoen prozesua.
Zapatero eta Ibarretxe
Estatuko presidentearendako eta Lehendakariarendako mezuak ere izan zituen Arnaldo Otegik. Zapaterori esan zion ezin duela arazoa konpontzeko borondatea erakutsi eta Aznarren bidea segitu. Ibarretxeri, berriz, galdetu zion ea zertarako balioko duten hauteskunde ez-demokratiko hauek.