Teknologia berrien gaineko erakusketa zabaldu dute

Leire Kortabarria 2005eko martxoaren 9a

Landa eremuetan teknologia berriak hedatzeko asmoz zabaldu dute gaur, eguaztena, Sarekide: Landa Eremuan, Aro Digital eta Teknologiko Berria delako erakusketa. Olakua Dorretxean egongo da martxoaren 21era bitartean.

EAEn nekazal ohitura izan duten herrietan zehar dabil erakusketa ibiltari hori. Debagoienean, Oñati aukeratu dute berau ipintzeko. Mendinet Toki Ekintza Taldeak eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak antolatu dute.

Areto interaktiboa da Sarekide. Praktika, tailer, erakustaldi eta azalpen errazen bidez, teknologia berrien gaineko informazioa jaso, beroietarako prestatu eta norbere burua trebatzeko aukera dago. Hainbat tresna eta aplikazio ikusi eta erabiltzeko modua ematen dute. Komunikazioa, telelana, informazioa, negozio berriak, aisialdia… bezalako alorrak lantzen dira.

Denendako egoki

Edozeinendako da egokia, baina, batez ere, hauei dago zabalduta: landa guneetako emakume, adineko pertsona eta elkarteei; eta nekazari, abeltzain eta artisauei. Horrez gain, ikastetxeek bisita gidatuak antolatu dituzte.

Bisita ordutegia da 09:30-13:30 eta 15:30-18:30, astegunetan bakarrik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak