Omenaldi berezi eta hunkigarria egin zioten lagunek Natalio Maiztegi zenari

Iaz hasi ziren prestaketa lanetan eta omenaldi bikaina antolatu zuten Natalio Maiztegi zenaren lagunek. Dantzarako zaletasuna piztuarazi zienari dantza egin zioten.

Arratsaldeko 16:30ean zen hastekoa, baina ordu horretan jendea oraindik sartzen ari zen Oñatiko Zubikoa kiroldegira. 750 bat lagunek hartu zuen eserlekua kiroldegian Natalio Maiztegi zenari bere lagunek eskaini zioten omenaldi-ikuskizuna ikusteko. Hamasei taldek jardun zuten ia ordu bi iraun zuen saioan.

Urduritasuna nabari zen hasierako minutuetan. Aurkezleek ahotsa dardarka izan zuten, batez ere laguna zenaren izena aipatzen zuten bakoitzean. Hala ere, sentimenduz beteriko dantza saioa eskaini zuten eta dantza maite dutenen arteko "mundua ezagutzeko" aukera ekarri zuten. Manu Cruz aritu zen aurkezle lanetan. Berari tokatu zitzaion hara elkartutakoei ondo etorria ematea eta baita Oñatiko alkate Andoni Garciarekin batera, Natalioren gurasoei lora sorta eta plaka oroigarria ematea. Andoni Garciak gogoratu zuenez, "emozioak, elkartasunak, sentimenduak, adiskidetasunak eta oroitzapenek batu gaituzte hona eta ez dezagun utzi belarra hazi dadin adiskidetasunaren bidean".

Goi mailako ikuskizunak

Hamasei dantza taldek parte hartu zuten dantzaldian. Zubikoa kiroldegia dantzaleku bihurtu zuten guztien artean. Dantza egiten lehenengoakNatalioren lagunak izan ziren eta lau bikotek El bailarin se ha marchado, sus pasos quedan doinuarekin rueda kubana bat dantzatu zuten.

Handik aurrera, sevillanak, salsa saioak, tangoak… Guzti-guztiak ondo landutako koreografiak izan ziren, antolatzaileek esan zigutenez, "dantza eskoletatik erakustaldiak egiten aritzen diren dantzariak ekarri nahi izan ditugu". Eta, a ze nolako erakustaldiak!

Iruñeko Merekumbe taldeak oihan batean ekin zioten dantzari eta bat-batean artaziak han eta hemen ikusteko aukera izan genuen. Dantzari gazte eta helduak aritu ziren eta bakoitzak salsa bere gustuetara egokituta egin zuen dantza; izan ere, “Nataliori salsa zen, agian, gehien gustatzen zitzaion dantza” eta horregatik, agian, ikusi genituen hainbeste salsa saio.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.