Iñaki Aldekoa irakasle eta idazleak euskal literaturaren historiaren gaineko lana aurkeztuko du bihar, martitzena, Donostian. 328 orriko lan mardula prestatu du oñatiarrak, eta Erein argitaletxeak plazaratu du.
Iñaki Aldekoak bihar, abenduak 14, aurkeztuko du bere azken lana: Historia de la literatura vasca (Erein argitaletxea). Donostiako liburutegian izango da ekitaldia, 12:00etan, eta, oñatiar idazlearekin batera, Txuma Lasagabaster eta Ibon Sarasola izango dira.
Euskarazko literaturaren gaineko historia-lan sendoa idatzi du oraingoan Aldekoak: sorreratik gaur egun arteko errepasoa egiten du, Europako literaturaren testuinguruan. Gaur egungo literaturari eskainitako atala nabarmentzekoa da, izan ere, egile eta lanen analisiak egiten ditu Aldekoak.
Liburua Ereinen Euskal Kultura delako sailean argitaratu da, eta 22 euroko salneurria du.