Ingenia 2004 ingeniaritza saria jasoko du Juan Zelaiak gaur, Bilbon

Monika Belastegi Aranzabal 2004ko aza. 22a, 11:00
Izandako ibilbide profesionala dela eta saritu du Juan Zelaia oñatiarra Bilboko Ingeniaritza Eskola Fundazioak.

Bilboko Ingeniaritza Eskola Fundazioak gaur, astelehena, banatuko ditu azken hiru urteetan eman dituen Ingenia sariak –ingeniaritzari lotutako sariak dira–. Arratsaldean izango da sari banaketa, Ingenieritza Eskola Nagusiko areto nagusian, eta hantxe izango da Juan Zelaia oñatiarra saria jasotzeko. Izan ere, berari eman dio aurten fundazioak sarietako bat: Ibilbide Profesionalari saria, hain justu ere. Horrez gain, beste sari bat ere banatzen dute, Ekintzari saria, eta hori Sener Ingeniaritzak jasoko du.

Sari banaketa ekitaldian izango dira, besteak beste, EHUko errektore Juan Ignacio Perez eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburu Anjeles Iztueta.

Mende erditik gora industria ingeniaritzan

Juan Zelaiari industria ingeniaritzan emandako urteak –berrogeita hamarretik gora– aitortu nahi izan dizkiote sari horrekin. Baita Cegasa Taldeko zuzendari gisa egindako lana ere. Horrekin batera, Tuboplast eta Hidronor enpresetako zuzendari exekutiboa da eta parte hartzen du Ulecia Kontserbak, Lan Ardoak eta CTL Activ Kartutxoak enpresetan. Hori ere azpimarratu dute epaimahaiko kideek saria emateko orduan.

Juan Zelaiak honakoa esan dio Asteleheneko Goienkaria-ri: "Ez nuen halakorik espero, baina oso pozik hartu dut epaimahaiaren erabakia. Bilbora joango naiz saria hartzera, eta ilusio handiz jasoko dut. Gainera, eskola horretan ikasi nuen nik ingeniaritza industriala”.

Zelaiak 84 urte ditu eta, industriaz gain, euskal kultura eta gizarte arloez ere arduratu da. Hori horrela, iazko abenduan Gizartearendako Hiritar Eredugarriari urrezko domina eman zion Aldundiak, eta jaso ditu baita Anton Abbadia eta Sabino Arana Fundazioaren sariak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak