Oñatikoek saria etxera ekarri dute

Alacanteko Cocentaina herrian jokatu da Firacor I. sariketa. Oñatiko Ganbara Abesbatza izan da txapelduna.

Epaimahaiaren eta publikoaren sariak irabazi zituzten, zapatu gauean, Oñatiko Ganbara Abesbatzako kideek. Esteban Urtzelaik zuzentzen duen 24 ahotseko taldea Alacanteko Cocentaina herritik bueltan harrapatu genuen, domekan. Izan ere, zapatuan gaueko 10ak aldera jaso zituzten bi sariak (6.000 euro epaimahaiaren sariagatik eta 300 publikoaren sariagatik).

Pozik eta gustura lortutakoarekin, egun gogorra izan zela onartu ziguten oñatiarrek: “Goizean entsegua egin genuen eta 17:00etarako aretoan ginen, jantziak gertatu eta gure txanda itxaroten. Bigarrenak atera ginen eta lehenengo taldea, Gandiakoa, oso ondo aritu zenez, oraindik urduriago jarri ginen. Gainera, amaitu ostean, egindako akatsetaz ere jardun genuen, hortaz, sorpresa itzela izan zen publikoak, batetik, eta epaimahaiak, bestetik, geu aukeratzea”.

Euskal jantziak

Taula gainera euskal jantziekin atera ziren oñatiarrak eta “antzezpen pixka bat ere egin genuen; zaindu egin genuen eszenaratzea eta horrek ere balio izan zigula uste dugu”, adierazi zigun Esteban Urtzelai Oñatiko Ganbarako zuzendariak.

Cocentainako Fira de Tots Sants abesbatzak antolatu du lehenengoz Firacor sariketa eta hara gonbidatu ditu Fira de Tots Sants sariketaren azkeneko hiru urteetako irabazleak: Vilafranca abesbatza, Gandiako Borja orfeoia eta Oñatiko Ganbara abesbatza.

Oñatiarrek euren 10. urteurreneko ospakizunetan Oñatin eskaini zuten saioa aurkeztu zuten Alacantera, tartean, Alcaraz konpositoreak lehiaketarako egin zieten Xivarri song’s kanta ere bai. Bost aste barru dute hurrengo txapelketa. Hau ere Alacanten izango da. Bestetik, azaroaren 19an 10. urteurreneko CDa grabatzeko hitzordua dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.