Inoiz baino parte-hartzaile eta ikusle gehiago Herri Eguneko azokan

Goiena 2004ko urr. 4a, 11:07
Nekazarien Elkartearen 25. urteurrena zela-eta, ibar osoko baserritarrak izan ziren. Gazta Lehiaketan, Bergarako Juan Joxe Murgiondo nagusitu zen hemezortzi lehiakideren artean.

Aurreko urteetan ez bezala, aurtengoan eguraldia lagun izan zuten Oñatiko Herri Egunean. Jende andana bildu zen zapatu goizeko azokan. Aurten, inoiz baino jende gehiago, kontuan hartuta Oñatiko Nekazarien Elkartea 25. urteurrena ospatzen ari dela eta, antolatzaile moduan, ibar osoko baserritarrei zabaldu ziela azokan eta lehiaketetan parte hartzeko aukera.

Unibertsitate inguruan prestatutako azokan, barazkiak, frutak, loreak, artisau lanak eta ganadua izan ziren ikusgai. Eguerdiko 12etatik aurrera, berriz, urteroko sagardo-dastatzea egin zen Foruen plazan; 22 sagardotegik parte hartu zuten.

Sei lehiaketa

Lehiaketetako epaimahai kideek lanak izan dituzte. Debagoien osotik ekarritako produktuak lehiatu ziren eta, zinez, maila handia egon da aurten.

Barazki eta fruta lehiaketan bost baserrik parte hartu zuten. Denak ere, oñatiarrak. Barazki lehiaketako lehen saria Joxiuena baserriko Maritxu Aiastuik jaso zuen. Fruta onenaren saria, berriz, Iruatz baserriko Felix Azkargortak eraman zuen.

Ganadu lehiaketetara, 12 artzain aurkeztu ziren. Oñatiko Imanol Barrena izan zen sarituena; berak eraman zituen ardi eta bildots lehiaketetako sari nagusiak. Ahari lehiaketan, aldiz, Gatzagako Urbano Bengoa nagusitu zen.

Gazta lehiaketari dagokionez, ibar osoko 18 parte-hartzaile aurkeztu ziren, horietatik 12 oñatiarrak. Zortzi epaimahaikideek aho batez aukeratu zuten saritua: gaztarik onena Bergarako Aierdi baserritik Juan Joxe Murgiondok ekarritakoa zen.

Herri bazkaria beterik

Goizeko azoka eta sagardoaren ondoren etorri zen herriko kiroldegira gerturatzen hasteko ordua. Mila lagunendako lekua zegoela eta, oñatiarrak fin ibili ziren lekua hartzen. Hango giroa aparta izan zen, gazte eta ez hain gazteak batu ziren bertara, eta trikitilariak eta bertsolariak ere han ibili ziren.

Arratsalderako, 5ak alderako, jendez beteta zeuden Oñatiko kaleak. Hori bai, “puntutxoa” izan arren, dotore-dotore ibili ziren gizonezkoak txapela jantzita eta emakumezkoak amantala aldean eta zapia buruan. Gero etorri ziren arratsalde iluntzerako antolatuta zeuden ekitaldiak: tartean, oñatiar presoei omenaldia egin zieten herritarrek, jaietan ere herritarrak falta direla gogora ekartzeko. Gauean, Alaitz eta Maiderren kontzertuan dantzan egin zuten gazteenek. Gaur, berriz, Errosaixo Bixamona denez, mozorroa aldatuko dute oñatiarrek. Eguerdian izango da mozorro erakusketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak