Maila oneko txakurrak izan arren, txapelketa zaila izan zen

Marijo Deogracias 2004ko ira. 27a, 11:09
Hamaika lehiakide izan ziren artzain txakurren nazioarteko txapelketan eta guztiek maila oso ona erakutsi zuten. Orain dela bi urte ere ‘Riki’-k eta Enrike Mendigurenek irabazi zuten txapelketa.

Oñatin jokatzen den artzain txakur txapelketa berezia izaten da eta atzo ere horrela izan zen. Jose Mari Bengoa txapelketako koordinatzaileak adierazi zigunez, “urtetik urtera saiatzen gara zertxobait zailtzen, hainbeste txapelketa egoten da-eta urte osoan; baina horrez gain, Oñatikoak berezko zailtasunak izaten ditu: lekua eta parte-hartzaileen maila”. Eta arrazoia ez zaio falta Bengoari. Estepan Aldamizek ere horixe azpimarratu zigun: “Lehenengo proba zaila izan da; txakur batek bakarrik egin du banderetako ibilbide osoa zuzen; ez da txakurrak txarrak direnik, baizik eta artzaina eta txakurra bestela baino urrinago egoten direla”.

Hori ikusita, lehenengo ariketaren ondotik, Tif, Lindo, Riki, Bizkor, Sorgin eta Txiki txakurrak sailkatu ziren. Sei minuturen barruan artaldea zelai barrenean zegoen makila baten ondora eraman eta handik, epaimahaiak erabakitako hesi tartetik pasarazi behar zuen artaldea bigarren ariketan. Jose Mari Jauregiren Bizkor txakurra, iazko irabazlea, izan zen onena. Bera eta Lindo, Txiki eta Riki sailkatu ziren hirugarren ariketarako. Hirugarren honetan, artaldea hartu eta zelai erdian jarritako eskortan sartu eta berriz ere aterarazi behar zuten, eta lanik txukunena Orozkotik etorritako Enrike Mendigurenek eta Riki txakurrak egin zuten. Orain dela bi urteko irabazle berak lortu zuen, hortaz, atzo jokatutako Oñatiko Nazioarteko Artzain Txakurren Txapelketako sari gorena.

Bestelako omenaldiak

Hasi aurretik, Patxi Etxeberria zena gogoan izan zuten eta minutu bateko isilunea egin zen haren omenez. Gero, txapelketaren atsedenaldietako baten, Jose Mari Agirre Baltzategiren omenezko saria banatu zuten. Aurten Jose Mari eta Jose Ramon Praderak jaso dute txapelketako antolakuntzaren eta Oñatiko Udalaren izenean “antolatzaile eta epaimahaikide legez, urteetan, borondatez egindako lan onaren errekonozimendua”.

Jendea, gustura

Eguraldiak lagundu egin zuen, jakina, baina osterantzean, parajea ere paregabea da horrelako ikuskizun batez disfrutatzeko, eta jende talde polita elkartu zen, Aloña mendia parez pare zutela artzain txakurren txapelketaz gozatzeko.

Goizeko 11etan zen hitzordua eta, argiarekin arazo teknikoak konpondu ondoren, ekin zioten lehenengo ariketa egiteko zozketari. Abadiñoko Kepa Ardantza eta Txiki txakurrak hasi zuten txapelketa. Bera izan zen, gainera, lehenengo ariketa horretan lanik txukunena egin zuena: hori dela eta, 100 puntu lortu zituen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak