ETAren desagerpena eta presoen eskubideak aldarrikatu ditu Gotzainak

Julen Iriondo 2004ko irailaren 9a

EAEko lehendakari Juan Jose Ibarretxe buru, hainbat erakundetako ordezkariak izan dira Arantzazuko Amaren eguneko meza nagusian. Joan Maria Uriarte Donostiako gotzainak bi kezka azaldu ditu beste batzuen artean: amaituko ote diren betiko ETA nahiz mehatxupean daudenen bizkarzainak, eta utziko al zaien benetan preso guztiei beren familiekin harremanak sarri eta ugari izaten.

Eguerdirako minutu gutxi falta zirela iritsi da Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakaria Arantzazura. Lehendakariarekin batera gaurko elizkizunean parte hartu dute, baita ere, beste hainbat erakundetako ordezkariek, besteak beste, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Oñatiko udalbatzako hainbat kidek, Andoni Gartzia alkatea buru.

Arantzazuko basilika goraino beteta zela Joan Maria Uriarte Donostiako gotzainak izan du meza emateko ardura. Homilian bake bideari urrats sendoz ekiteko dei egin du Uriartek, ETA desagertzeko nahia azaldu ere bai, eta biktimak izan ditu gogoan. Presoen eta oro har herritarren eskubideen alde ere jardun du Donostiako gotzainak.

Elizkizuna amaituta, azken urteetan ez bezala basilikako ate nagusitik eta soilik txalo artean atera da Ibarretxe kanpora. Herritarrak eta erakundeetako ordezkariak agurtu ostean utzi du lehendakariak Arantzazu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak