Arrikrutzeko kobarako sarrera eraikitzen hasiko dira 10-15 egun barru

Goiatz Arana Begiristain 2004ko ira. 7a, 18:14

Duela urtebete eskas hasi zituzten Arrikrutzeko kobak gune turistiko bilakatzeko lanak. Haraino heltzeko bideak irekitzen aritu dira azken hilabeteetan eta, bideak egokituta, kobazuloaren sarbide nagusia eraikitzen hasiko dira orain.

Arrikrutzeko koben egitasmoa 90.hamarkadan jaio zen, eta 2003ko abenduan hasi zen gauzatzen, jarraipen batzordeak argi berdea emandako urte berean. Haraino heltzeko bideak zabaltzen jardun dira bederatzi hilabeteotan eta, bideak irekita, kobazuloaren sarrera artifiziala egiteari ekingo diote 10-15 egun barru. Turismorako egokituko duten ibilbidetik gertu zonalde arkeologiko oso garrantzitsua dagoela kontuan izanik, aukera ezberdinak aztertu behar izan dituzte adituek, arkeologi gune hori ez kaltetzearren.

Kobazulora sartzeko tunela 12 metro luze da, eta zati bat, 8 metro ingurukoa, harkaitz barrutik joango da. Tunel hori igarota, 500 metroko luzera eta 50eko desnibela dituen ibilbidean murgilduko gara, aurkikuntza espeleologiko, arkeologiko eta mitologikoak ezagutzeko.

Teknologia berritzaileak

Argi jokoak, ahotsak eta irudiak erabiliz erakutsiko diete hori guztia bisitariei. Eta, horrez gain, ibilbide ondoko zonalde arkeologikoan, lehentxeago aipatutakoan, indusketak hasten dituztenean, lan horiek nola egiten dituzten ikusi ahal izango dute bisitariek; aurkitutako elementuek bisita bera aberastuko dute ondoren. “Ikusi, ezagutu eta errespetatu” izango da leloa, eta lurpeko ondarea ezagutzera ematea izango du helburu.

Proiektu osoaren aurrekontua bi milioi eta zazpiehun mila eurokoa da eta gauzak bide onetik badoaz, 2006 urteko udaberrirako bukatuta egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak