Kiroldegiko taberna ireki dute berriz ere

Julen Iriondo 2004ko ira. 1a, 16:13
Lau hilabete pasatxo egin ditu itxita Zubikoa kiroldegiko tabernak. Gaur berriz ere ireki ditu ateak, maizter berriekin. Edatekoaz gain jatekoa ere izango da aurrerantzean.

Apirilean itxi zuten Zubikoa kiroldegiko taberna udal arduradunen erabakiz, bertako funtzionamendua egokia ez zelako. Lau hilabete pasatxo geroago berriz ere ireki egin dute, maizter berriekin. Lehiaketa publikoa egin ostean Roberto Lizarraldek hartu du tabernaren ardura.

Aurreneko lanegunean aurrerantzean tabernan eskainiko duten zerbitzuaren berri eman digu Roberto Lizarraldek: «Astean zehar taberna zerbitzuaz gain pintxoak eta ogitartekoak izango ditugu, eta ostiral eta zapatuetan plater konbinatuak ere bai».

Tabernarik eza, hutsune handia

Berriz ere taberna zabalduta hainbat eta hainbat herritarren gogoa bete da. Izan ere, jende askori eskaintzen dio zerbitzua kiroldegiko tabernak. Honela, kiroldegiko arduradun Gerardo Eskarzak azaldu digu itxita egon den denboran herritar askok galdetu duela tabernagatik.

Tabernak hiruzpalau maizter desberdin izan ditu azkeneko bospasei urteetan. Kiroldegiko arduradun Gerardo Eskarzak jarraikortasun apur bat bota du faltan, hainbeste maizter aldaketak zerbitzuaren kalitatean eragina omen duelako. Honen gainean, eurek kiroldegiko tabernan urteetan egon nahi luketela azaldu digu Roberto Lizarraldek. Asko jota, ordea, bi urtean egon ahal izango dira maizter berriak tabernan. Izan ere, kiroldegia handitzearekin taberna lekuz aldatuko dute eta berriz ere lehiaketara aterako dute orduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak