Duruko eguna ospatu zuten domekan Oñatiko artzainek

Olaia Mondragon 2004ko uzt. 26a, 10:44
Aierdiko txabolan guztiek batera marmitakoa jan zuten. Guztira 200 pertsona baino gehiago elkartu ziren

Atzo Duruko eguna ospatu zuten Oñatiko Aloña mendiko maldetan. Goizean hasi ziren ekitaldiak, eta egun osoan izan zen zer egin eta zer ikusi. Guztira 200 pertsona baino gehiago bildu ziren ospakizun honetan. Aierdiko txabolan egindako mezarekin eman zitzaion hasiera atzo Duruko egunari. Ondoren, Aierdiko aterpean salda eta txanpiñoiak dastatzeko aukera izan zuten guztiok.

Mezaren ondoren artzain txakurren erakustaldia izan zen. Bertan, bi parte-hartzaile izan ziren: Oñatiko Jose Luis Madinabeitia eta Mutrikutik etorritako Jabier Zubiaurre. Ordu berean Duruko artzainek egindako gazta dastatzeko aukera izan zen.

Marmitakoa eta pintxoak

Ohitura den bezala, txabola bakoitzak janaurrekoak eskaintzen ditu. Aurten, aldiz, antolatzaileek erabaki dute lau txaboletan ematea janaurrekoa eta urtetik urtera jakia eskaintzen duten txabolak txandakatzen joatea. Aurten, Bergarakue, Azkonazulueta, Bermejo eta Otadui txabolen txanda izan da. Janaurrekoa hartu ondoren guztiek batera bazkaldu zuten Aierdiko txabolan. Menua marmitakoa izan zen, eta guztira 200 pertsonatik gora elkartu ziren bertan. Bazkalostean, Urretxutik etorritako Zuzunegi anaiek trikitixarekin giroa alaitu zuten.

Iluntzera arte izan zen jaia Duruko Aierdiko txabolan. Giroa primerakoa izan zen egun osoan. Aurten, gainera, mendian eguna pasatzeko eguraldi aproposa egin duenez, inguruetako jende askok hartu du parte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak