Turistek eta bisita gidatuek, gora

Julen Iriondo 2004ko uzt. 8a, 20:39
Turismo garai oparoena, uda sasoia, hasi besterik ez da egin; Oñatiko Turismo Bulegoak, ordea, urte honetan, ekainera arte jasotako bisitari kopuruaren balorazioa plazaratu du txosten batean. Bai turista kopuruak eta baita bisita gidatuenak ere gora egin du nabarmen hilabeteotan.

Oñati bisitatzen duten kanpotarren kopurua bataz beste %4 handitzen da urtero. Aurtengo gorakada, ordea, askoz ere handiagoa izaten ari da. Iazko urtarrila eta ekaina arteko datuekin alderatuta, 2004ko aurreneko sei hilabeteetan %12 hazi da turisten zenbatekoa. Iaz 5.538 bisitari jaso zituen Oñatik, aurten 6.336.

Gorakada oso nabarmena da bisita gidatuak eskatu dituzten kanpotarren kopuruan. Kopuru hau bataz beste %18’5 ari da handitzen urtero. Aurten, ordea, gehiago hazi da, ekaineko datuak kontuan hartuz. Aurtengo ekainean 1.500 lagunek hartu dute parte bisita gidatuetan, iaz baino 580 gehiagok, eta 2002an baino 240 gehiagok. Urtarrila-ekaina epean berriz, aurten 4.200 pertsona izan da bisita gidatuetan, iaz baino 700 eta eta 2002an baino 1.500 gehiago.

Bisita gidatuak, %49tik %76ra

Kanpotik herria ikustera etorritakoen %49k erabili zuen zerbitzua 2003an, aurten, berriz, %76k. Bisita gidatuen sasoi oparoena ekainera artekoa izan ohi da, kanpoko talde gehien jasotzen den garaia, hain zuzen ere. Taldeak ikastetxeetatik edo erakunde erlijioso eta kulturaletatik etorri ohi dira esaterako.

Bisita gidatuetan parte hartzen duten lagunen ezaugarriei dagokienez, aurtengo aurreneko sei hilabeteetan %54 espainiar estatutik etorritakoa izan da, Madrilgoa eta Kataluniakoa batez ere, %39 Erkidegokoa, %4'5 atzerrikoa eta %3 Oñatikoa bertakoa. Adina kontuan izanda, eta iazko datuen arabera, Oñatira datozenen gehiengoa, %42, jende heldua da, %31 erretiratuak, eta %27 gazte-jendea.

Aurtengo udara begira, eta iazkoan izandako harrera ona kontuan izanda, Oñatiko turismo bulegoak eskaintza bikoitza izango du bisita gidatuetan: batetik, ohikoa, kulturala edo artistikoa; eta bestetik, natur ingurunekoa, Oñatiko parajeak ezagutzeko aukera ematen duena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak