Etzi, domeka, izango da Oñatiko Bandaren urteurren jaialdia. Eta ez dira bakarrik egongo: Mutrikuko eta Azkoitiko Bandek ere parte hartuko dute. Honakoa da egitaraua:
- 11:30ean, banda bakoitzak kalejirari ekingo dio, Kanpantxotik, Olaatik eta Euskadi Etorbidetik.
- 12:10ean, Herriko Plazan bilduko dira.
- 12:30ean, bigarren ekitaldi garrantzitsuena: Herriko Plazako frontoian kontzertua eskainiko dute. Lehenengo, banda bakoitzak pieza bana joko du; gero, hirurek elkarrekin joko dituzte hainbat pieza.
Egun bakarrerako bildu ziren
Oñatiko gaur egungo Udal Musika Bandaren sorrera berezia izan zen: herriko Gorpuzti jai handirako musika banda behar zuen Udalak, eta herriko hainbat musikariri horixe eskatu zioten. Egun bakar baterako bildu ginen eta dagoeneko 25 urte daramatzagu, gogoratu zuten Bandako kideek jaialdia aurkezteko egin zuten prentsaurrekoan. Gorpuztiko eguneko lan ona ikusita, ordea, Udalak eskatu zien hasierako 29 musikarioi San Migel jaietan, Gabonetan ere jo zezaten. Bandak hor segitzen du, Oñatiko ekitaldi garrantzitsuenak ezin hobeto girotzen.