Oñatiar askorendako benetan egun berezia izan zen atzokoa. Debozio handiz bizi izaten dute-eta eurek Gorpuzti eguna. Goizean goiz hasi zuten festa eta iluntzera arte luzatu.
Txistularien dianak eman zion hasiera egunari. Goizeko 10:00ak inguruan anderoak eta dantzariak santuen eta ama birjinen irudien bila joan ziren eta giro alaian San Migel parrokiara eraman zituzten.
Guztira 15 santu atera zituzten. Horietako batzuk Bidaurretan jaso zituzten, beste batzuk etxe partikularretan eta gainontzekoak ermitetan.
Jende ugarik egin zien harrera santuei Foru Enparantza inguruan; eta, ondoren, meza nagusia entzun zuten parrokian. Batzuk mezan ziren bitartean, Santa Ana aretoan San Migel eta apostoluak janzten ziharduten. Nahi zuenak bertara joan eta San Migeli armadura, kapa, maskara etab. nola ipintzen zizkioten ikusteko aukera izan zuen.
Prozesioa meza ostean hasi zen. Dantzari, txistulari, kapadun, apostolu eta San Migelek Santa Anatik ekin zioten prozesioari. San Migel izaten da prozesioko figura nagusi urtero, baina aurten are gehiago. Izan ere, Joxe Errastik, rol hori 38 urtean egin eta gero, Fernando Diazi pasatu dio lekukoa. Erantzukizun handia zuen Fernandok; dena den, oso ongi moldatu zen erreberentziak egitean eta bueltak ematean eta, beraz, proba gainditu zuela esan daiteke.
Kale Zaharreko etxebizitza bat konpontzen diharduten arren, ez zuten ibilbidea aldatu, eta urteroko bera egin zuten. Ordubete inguru iraun zuen eta Foru Enparantzan amaitu zen. Gorpuzti eguneko ospakizuna ez zen prozesioarekin bukatu, baina. Musika Bandak kontzertua egin zuen 13:30ean eta dantzaldia arratsaldean.
Dantza bereziak
Dantzek ere protagonismo itzela dute Gorpuzti eguneko jaian. Oñatz taldeko mutilak anderoekin batera santuen bila joan ziren goizean eta parrokiara lagundu zituzten. Mezetan, kontsakrazioaren aurretik, Banakoa egin zuten aldare aurrean. Kriskitinen hotsak eliza bete zuen eta momentu polita izan zen. Santa Ana parera joan ziren ondoren eta prozesioari hasiera eman zioten Kontrapasa dantzatuz. Arratsaldean saioa egin zuten plazan.
Nekatuta amaitu zuten eguna dantzariek. Izan ere, egubakoitzetik jardun zuten dantzan geratu ere egin gabe. Orduan baserrietan eta ikastetxeetan ibili ziren dantzan, eta zapatuan kaleetan zehar.
Informazio faltarik ez Turismo bulegoak bisita gidatu berezia egin zuen atzo. Bederatzi lagunek hartu zuten parte eta unibertsitatea ikusi ostean, santuen etorreran eta Santa Anan izan ziren. Eguenean Makalena taldeak emanaldi interaktiboa egin zuen jaiaren gaineko informazioa eskaintzeko.