Ez ziren, gainera, bakarrik egon taula gainean, dantzariak, trikitilariak, Rossini abesbatza eta musika taldea izan zituzten lagun. Pello Zabala frantziskotarrak, ostera, Bitorianoren papera hartu zuen.
Bitorianoren ibilbidea
Musikaren bitartez egin zioten jarraipena orain hiru urte zendu zen Bitoriano Gandiaga frantziskotar bizkaitarraren bizitzari: amak hasierako urteetan izan zuen papera, Arantzazura heldu zenekoa, Jorge Oteiza eskultorearen eragina, Euskal Herriarekiko zituen kezkak, Madrilera egindako bidaiak eta bere barne minak eta zalantzak. Bitorianoren poesiekin batera kanta herrikoiak tartekatu zituzten, eta antzerkiaren bitartez girotu zuten bizi izan zuena.
Marife Nogalesen ahots goxoak, Gontzal Mendibilen sakontasunak eta abesbatzaren xuxurlak giro berezia sortu zuten Santa Ana aretoan. Trikitilariek eta dantzariek, ostera, ikusleen txalo zaparrada eragin zuten.
Ikuskizun benetan dotorea eta apala, Bitoriano gertu-gertutik ezagutzeko paregabea.