Erretzeari uzten laguntzeko ikastaroa zelakoa izango den azaltzeko, eta erretzearen inguruko informazioa banatzeko hitzaldia egingo du gaur, martitzena, Maria Angeles Becerro medikuak. Udal Prebentzio sailak, antolatzaileak, dio: Zalantzan daudenei aukera eman gura diegu horiek argitzeko. Orain arte, ikastaroak nahiko harrera polita izan du: lau lagunek deitu dute, nahiz eta izenemate epea oraindik zabalik ez egon. Berau 5etik 10era bitartean egongo da zabalik, 943 03 77 00 telefonoan (Ainhoa). 50 euro da.
Taldeko lana, oso garrantzitsua
Hazkunde osasun erakunde bizkaitarrak eramango du ikastaroa. Lehenengo lau saioak astero izango dira; gero, sakabanatu egingo dira. Guztira, zazpi saio izango dira, uztailaren 13ra arte.
Ez da lehen aldia Oñatiko udalak mota horretako ikastaroa antolatzen duela; baina, orain, arduradun eta sistema berria izango dira. Hain zuzen, talde-lana oso garrantzitsua izango da; parte hartzaileek talde txikietan egingo dute lan.