Estatu osoko 60 bat moto-zalek Oñati hartu zuten zapatuan

Olaia Mondragon 2004ko mai. 3a, 10:50
Zapatuan Donostiatik irten eta eguerdian heldu ziren Oñatira. Estatu osoko 60 moto-zale etorri ziren, 36 BMWtan.

Estatuko BMW Motoen Klubak antolatuta, 60 bat moto-zalek hartu dute parte asteburuan egindako XIX. Donostia 2004 Topaketan, eta 60 moto-zaleok 36 BMWren gainean ibili dira hara eta hona. Donostian elkartu ziren guztiak, egubakoitzean. Estatuko leku askotatik etorritako moto-zaleak, gainera.

Halako topaketetan, ibilbide turistikoa egin ohi izan dute, eta oraingo honetan, gurera etorri ziren zapatuan; Oñatira, hain justu ere. Zapatu goizean Donostiatik irten, eta 12:00etan Oñatira ailegatu ziren. Herriko plazan utzi zituzten moto guztiak, eta, nola ez, ikusmin handia sortu zuten: zale eta kurioso asko hurbildu ziren motoak gertutik ikusteko. Bestalde, udaletxean harrera egin zien Andoni Gartzia alkateak moto-zaleei eta luntxa ere izan zuten. Segidan, Oñatiko Unibertsitatea eta parrokia bisitatu zituzten, Arantzazuko Hospederian bazkaldu aurretik.

Estatuko moto-zaleak

Hirurogei lagunek hartu zuten parte ekitaldian: BMW klubeko Euskal Herriko 8 kideez gain Espainiako hainbat lekutatik etorritakoek ere bai; besteak beste, Mallorcatik etorritako lauk, Guadalajaratik etorritako bik, Valentziako seik, Madrilgo bik eta Kantabriako beste bik. Dena den, parte-hartzaile gehien Kataluniatik etorri ziren: 34 lagun.

Tartean adin guztietako jendea zegoen; batzuk, adinean aurrera joan arren, zaletasuna galdu ez dutenak, gainera. Mallorcatik etorritako bat zen guztietan nagusiena, 72 urterekin.

Motoak eta kultura

BMW klubak urtean bi irteera egiten ditu: udaberrian eta udazkenean. Irteeron helburua ez da soilik motoan ibiliz ondo pasatzea, bidaia kulturalak ere izaten dira. Horrela, hain zuzen ere, tokian tokiko bazkideek kanpotik etorritako beste kide guztiei euren lurraldea, ohiturak, bizimodua eta gastronomia erakusteko aukera izaten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak