Mendizale ezagunek babestu zuten Juan Carlos Irizar bere disko aurkezpenean, atzo, Donostian. Hain zuzen, Juanito Oiartzabal, Edurne Pasaban, Josune Bereziartu edo Joxe Ramon Agirre Marron mendizaleak egon ziren.
Mendizale guztioi eskainita dago Irizarren disko berria; baita jardun horretan hil zirenei ere. Horrela bada, Pumori mendian hil ziren bost mendizaleei, Luis Pedro Peña Santiagori, Antton Ibargureni, Felix Iñurrategiri, Xebe Peñari eta hildako mendizale guztioi eskaini die disko berria.
Hamabost abesti dira, eta izenburuetatik igartzen da zer izan duen inspirazio Irizarrek: Besaide, G-II, Himalaya, Josemite, Juanito edo Takolo dira izenburu batzuk (azken hau, Jose Urbietaren omenez).