Haur Poesia Aretoa zabalik dago gaurtik aurrera

Euskarazko poesia oñatiarroi -batez ere, umeei- hurbiltzeko asmoz, Haur Poesia Aretoa zabalduko dute gaur udal haur liburutegiak eta Galtzagorri elkarteak. Erakusketa hori apirilaren 5era bitartean egongo da zabalik, eta, hura bisitatzeaz gain, egitasmo honek poesia ezagutzeko beste ekintza batzuk dakartza: besteak beste, Juan Kruz Igerabide idazlearen ipuin kontakizuna, bihar, martitzena.

Haur poesia aretoa gaur zabalduko dute, astelehena, kultura etxeko erakusketa aretoan. Astegunetan izango duzue bisitatzeko modua, 18:30etik 20:30era.

Aretoak baso baten itxura dauka. Jolas leku baten antzera, zuhaitz bakoitzak jolas aukera ugari eskaintzen ditu. Aretoaren erdian, azken urteotan argitara eman diren poesia liburu hainbat daude; horietatik poema bana aukeratu eta zintzilikatu dute, zuhaitzaren hosto gisa. Zuhaitz horretan, azken urteotan euskaraz idatzi diren poema gehienak aurkitu daitezke, eta baita gure ilustratzaileek haiek edertzeko marraztu dituzten irudi ederrak ere.

Beste lau zuhaitz handi daude, urtaroak irudikatzen. Horien artean, jolas zirkuito bat eratu da, eta poesia da jostailua.

Errezitaldia bihar

Bihar, martitzena, Juan Kruz Igerabide idazle adunarraren errezitaldia egongo da kultura etxean, 17:30ean. 8 urtetik gorakoei dago bereziki zuzenduta, baina baita poesia eta musikarekiko interesa duten heldu guztiei ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.