200 lagunek hartuko dute parte Oñatiko duatloian

Herriko triatloi taldeak antolatuta zapatuan jokatuko da Oñatiko 13. duatloia. Euskal Herriko zirkuituko 10 lasterketetan hirugarrena izango da. Antolatzaileek partaidetza handia espero dute; ibilbidea, urterokoa.

Zapatuan jokatuko da Oñatiko duatloiaren 13. aldia, Euskal Herriko zirkuituaren baitako proba. Lasterketak ez du aldaketa handirik izango aurreko urteetakoekin alderatuta. Foruen plazan hasiko da, eta hiru zatitan egongo da banatuta. Parte hartzaileek zortzi kilometro korrika egin beharko dituzte aurrena, bi itzuli herriko zirkuituari. Zirkuituak lau kilometro ditu eta Oñatiko kale eta auzoak zeharkatzen ditu.

Korrikako lana amaituta, plazan bertan kokatuta egongo diren boxeetan bizikleta hartu eta kirolariek 40 kilometro egin beharko dituzte gurpil gainean. Ibilbidea urterokoa izango da: Oñatitik San Prudentziora, handik Bergarara, Antzuola, Deskargako gaina igo, Legazpira eta Udanatik behera Oñatira berriz. Aurtengo ibilbidean izango den aldaketa bakarra zera da, Bergaratik Antzuolara bidean ez direla herri erditik pasako saihesbidetik baizik.

180 euro irabazleentzat

Bizikleta plazan utzi eta lasterketa amaitzeko beste lau kilometro egin beharko dituzte korrika. Herriko zirkuituari itzuli bat egin beharko diote. Helmuga, irteera bezala, foruen plazan kokatuta egongo da: lasterketa 16:00tan hasiko da eta irabazleak 17:40 inguruan amaituko ditu lanak.

Bai emakumezko eta bai gizonezkoetan aurreneko hiru sailkatuek garaikurra jasoko dute, eta irabazleak 180 euro ere bai. Lasterketan parte hartzen duten lagun guztien artean kirol materiala zozkatuko dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.