Ikasturtea bukatzear dago Arantzazuko Artzain Eskolak aurten izan dituen 14 ikasleendako. Gehienak euskaldunak dira (arabarrak, gipuzkoarrak eta bizkaitarrak); bi txiletar, neska eta mutila, eta Ciudad Realeko lagun bat izan dira. Gaur, martitzena, izan dute azterketa eguna: Nikolas Segurola Eskolako arduradunak esan digunez, euren artaldeaz zelan arduratuko diren inguruko proiektua aurkeztu behar izan dute.
Ekitaldia egubakoitzean
Egubakoitzean, hilak 12, artzain direla berresten duten makila eta diploma jasoko dute hamalaurok. Arantzazuko sarreran egingo dute ekitaldia, Artzainen Nazioarteko Kongresua egin zen leku berean, 11:00etan. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuorde Asier Albisu egongo da, eta Foru Aldundiko ordezkariak ere bai. Ikasleon gurasoak etorriko dira, eta baita praktikak egin dituzten lekuotako nagusiak ere. Euskal Herri hego eta iparraldean izan dira praktikak aurten.