Aurkeztu ditu taldeak txirrindularitza sailak

Julen Iriondo 2004ko otsailaren 24a

Aloña Mendiren txirrindularitza sailak 38 txirrindulari eta lau talde izango ditu errepidean denboraldi honetan: alebin mailakoa, infantletakoa, gazte mailakoa eta afizionatuena. Azken hau, Aldekoa-Lizarralde deituko dena, 23 urtez azpiko txirrindulariz osatuta egongo da batez ere.

Aloña Mendik 38 txirrindulari izango ditu errepidean hasi berri den denboraldian. Lau talde izango dira guztira. Beheko mailetan 21 mutiko ariko dira aurten: alebinetan eta infantiletan zortzina, Garikoitz Baños eta Mikel Irustaren zuzendaritzapean, eta gazte mailan, berriz, bost, Garikoitz Baños beraren eta Josu Egañaren aginduetara. Bestalde, aurten seigarren urtez afizionatu mailan ere ariko da Aloña Mendi. Hamazazpi lagunek osatuko dute Lizarralde-Aldekoa taldea, tartean hiru oñatiar: Joseba Luis eta Mikel Lizarralde, iaz ere ibilitakoak, eta Andoni Urteaga, gazte mailatik igotakoa.

Talde gaztea

Talde gaztea izango du aurten ere Eugenio Goikoetxeak bere esanetara. Lizarralde-Aldekoa osatuko duten hamazazpi txirrindularietatik hamabost 23 urtez azpikoak dira, eta bi baino ez elite mailakoak. Iaz Ulma-Cegasan aritu zirenetatik zortzik jarraitzen dute taldean; beste bost txirrindulari gazte mailatik igo dira; Lizarralde-Aldekoa taldeko gainerako lau lagunak afizionatu mailako beste talde batzuetatik etorritakoak dira.

Aurreko denboraldian maila bikaina eman zuen Goikoetxearen taldeak. Sei lasterketa irabazi zituzten, eta beste hainbatetan postu onak lortu, 22 alditan hiru aurrenetako bat. Garaipenik handiena, ostera, Lehendakari Txapelketakoa izan zen. Sailkapen horretan Iker Leonet izan zen lehenengo eta Iban Iriondo hirugarren. Iriondo bera izan zen gainera lehenengo urteko afizionatuetan tropeleko onena. Honez gain, taldeka ere Ulma-Cegasak irabazi zuen lehendakari txapelketa.

Aurten ere Lehendakari Txapelketa izango da taldearen helburu nagusia, iazkoa berdintzea gutxienez. Ez da erraza izango, ordea, aurreko urtean ondoen aritu ziren txirrindulariak ez dira eta aurten taldean egongo: Iban Iriondo Orbea-Olarra-Consultecera joan da, eta Iker Leonet Caja Ruralera; hauez gain, beste bost txirrindularik ere egin dute alde Oñatitik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak