"Euskal Okela" festa izango da herrian zapatuan

A. Leibar 2004ko otsailaren 19a

Otsailaren 21ean, zapatua, Eusko Labeldun txahal haragi pintxoak dastatzeko aukera izango da Oñatin. Herriko lau harakinek Foruen plazan erreko dute txahal osoa. Goizean goiz hasiko dira txahala prestatzen eta arratsaldean, herri-taberna ezarriko da plazan. Bertan, edariarekin lagundurik, txahal haragiarekin egindako pintxoak salduko dituzte.

Oñatiko Udalaren eta Haragiakin S.L.-ren laguntzarekin antolatu dute Euskal Okela elkarteko harakinek ekitaldi hau. Hona antolatzaile lanetan diharduten harakinak:

  • Garai Harategia.
  • Tarsicio Okela denda.
  • Antxon Harategia.
  • Super BM.

Herriko lau harakinek goizeko 8:00etan ekingo diote lanari Foruen plazan. 10-12 ordu inguru egon beharko da haragia sutan. 250 kilo inguruko txahal osoa prestatuko dute. Egur ikatza erabiliko dute txahala erretzeko, burduntzian, alegia. Erreketa amaitu ostean, txahala zatitzeari ekingo diote.

Pintxoak egiteko, harakinek Elkarriko kideen laguntza izango dute. Arratsaldeko 19:30ak inguruan, Foruen Enparantzara gerturatzen direnek pintxoak jan ahal izango dituzte, 1,5 euroren truke. Guztira, 1.200 pintxo eskaintzea espero dute antolatzaileek. Jatekoa edariarekin laguntzeko aukera ere izango da. Ekitaldian jasotako dirua Elkarrirentzat izango da.

Kalitatea Fundazioak hainbat produktu barneratzen ditu. Horietako bat da Euskal Okela.

Kalitateko okela: ezaugarri natural guztiekin

Euskal Okela da Eusko Label-Kalitatea ezaugarriarekin adierazitako abelgorri okela, Arautegi Teknikoak eta Egiaztapen Prozedurek ezarritako jatorri, osasungarritasun eta kalitate baldintza guztiak betetzen dituena.

Euskal Okela Euskal Herriko baserrietan kontu handienaz hazitako animalien okela da. Hau da, beren bizitzako urrats guztietan kontrolaturik egon diren eta baimendutako hiltegietan beren kalitateagatik hautatutako abelgorrien okela.

Abereen elikadura, bazka naturala eta Kalitatea Fundazioak zehazki baimendutako pentsuetan datza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak