Germanek estatistika eta datuetan murgildutako balantzea egin du. Ernestok, berriz, irakurketa politikoa. Biek, baina, ondorio berdinak jarri dituzte mahai gainean. Oro har, kultur etxe berriak ondorio positiboak ekarri dituela azpimarratu dute.
Zinea
Zine emanaldietan, esaterako, ikusle kopuruak gora egin du, ia %55. Edonola ere, 2003. urteko diru kontuak defizitarekin itxiko dituzte. Hiriburu handietako zine komertzialei ezin baitie aurre egin Oñatiko areto txikiak.
Erakusketa txokoa
Iaz, 17 erakusketa jarri zituzten. Horietako batzuk izen handiko artistenak izan ziren. Beharbada ez dute gura bezain ikusle kopuru handia jaso, baina, pozik daude emaitzarekin. Orain arte, Oñatik horrelako erakusketak egiteko lekua falta zen, eta kultur etxeak hutsune hori bete du.
Liburutegia
Liburutegi zaharrera hurbiltzen ez ziren herritarrak erakarri ditu Kultur etxe berriko liburutegiak. 40.800 erabiltzaile izan ditu aurten. Arrakasta gehien, mediateka sailak izan du.
Hiru zerbitzu horiez gain, KZguneak eta bileretarako gelek ere erabilera polita izan dute.
Santa Ana
Santa Antzokian egiten diren ekitaldietako balantzea ere egin dute. Horietan, ez dira horren baikor agertu.
Kultura etxe berria egin zenetik, arte eszenikoetako ekitaldiak bakarrik egiten dira antzoki horretan. Dantza garaikide, kontzertu alternatibo eta antzerkiak, batez ere. 2003an horrelako 14 ekitaldi antolatu zituzten eta gehienetan, ikusleen erantzuna ez zen ona izan. "Kutsidazu Bidea, Ixabel" moduko lanek arrakasta izan zuten, baina gainerakoetan, udalak ez zuen berreskuratu inbertitutako dirua. Hala, urte amaierako balantzean defizit nabarmena dago.
Edonola ere, Oñatiko udalak ez du Santa Anan urteko programan aldaketarik egingo. Badakite egoera ez dela errentagarria, baina, uste dute, arte eszeniko horiek euren lekua behar dutela kultura eskaintzaren barruan.