Aita Luis Mallea omenduko dute

Oñati Abesbatzak aita Luis Malleari eskainiko dio urteroko Gabon kanta saioa. Zapatuan, hilak 20, izango da hori, agustinoen elizan.

Aurtengo ekainean hil da aita Luis Mallea. Ezaguna zen herrian, agustinoa zelako, baina, batez ere, musikarekiko zuen zaletasun handiagatik. Munitibarkoa zen jaiotzez, baina urte asko egin zuen Oñatin. Lan handia egin zuen, abesbatzekin, bereziki; horregatik, Oñati Abesbatzak omenaldia egingo dio bihar, zapatua, agustinoen elizan, 20:15ean.

Urtero egiten du Oñati Abesbatzak Gabon kanten saioa agustinoen elizan. Aurtengoa, baina, berezia izango da. Abestuko dituzten kantu gehienek zelabaiteko zerikusia dute aita Mallearekin: berak euskaratutako testuak dituztelako, berak estreinatu zituelako...

Lagun onak abesbatzako zuzendaria

Urte asko egin zituen Malleak Argentinan. Gerra aurretik joan zen, agustino moduan lanera. Hantxe, emakumeen abesbatza bat sortu zuen; gerra ondoren, berriz, hara joandako euskaldunek sortutako Lagun Onak abesbatzarekin bat egin zuen Mallearen koroak. 28 bat urtean izan zen abesbatzako zuzendaria eta obra garrantzitsuak estreinatu zituzten. Argentinatik Estatu Batuetara joan zen eta 1977. urtean, azkenik, Oñatira etorri zen. Esan bezala, aurten hil da aita Luis Mallea. 95 urte zituen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.