Aurrekontuetarako, herritarren hitza jaso nahi du Ereitten-ek

Ereitten herri ekimenak, onartzear dauden udal aurrekontuei begira, iniziatiba bat abian jarri du, ahalik eta sektore gehien identifikatuta senti daitezen aurrekontuokin. Herritarron hitza jaso eta Udalari helarazteko hainbat bide jarri dituzte indarrean, bada.

Abendu hasierara arte, oñatiarrok Ereitten taldearekin harremanetan jartzeko hainbat bide izango dituzte: posta elektronikoa (ereitten@euskalerria.org); udaletxeko bulegora joaz, astelehenetik egubakoitzera (10:00-12:00 eta 18:30-20:00); Garoa, Guria eta Arrano tabernetan egokitutako postontzien bidez; edo taldeko edozein kiderekin harremanetan jarriaz.

Datozen hilabeteotan, Oñatiko udalean aztertuko den gai nagusietako bat udal aurrekontuena izango da; datorren urtean, gure herrian garatuko den politika oinarrituko da, dio Ereitten taldeak. Hori dela-eta, Oñatiko eragile aktiboei hitza eman nahi die, euren ekarpenak plazaratu eta udalera eramanaz. Izan ere, plataformaren ustez, udalaren jarduerak aurrekontu parte-hartzaileetan oinarrituta egon behar du.

Protesta ekitaldia

Ereitten taldeak ez du udalean zinegotzi bidez parte hartzeko aukerarik, maiatzeko udal hauteskundeetan debekatuta geratu ondoren. Hain zuzen ere, beste hainbat herri ekimenek egin duten bezala, Oñatiko taldeak protesta ekintza bat antolatu du azaroaren 29an, zapatua. No apartheid. Oñatiarron borondatea errespetatu leloarekin kale-bilkura egingo dute foruen plazan, 13:00etan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.