Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko du Juan Zelaiak

Enpresa gizon oñatiarraz gain, Iñaki Gabilondo kazetaria eta Jose Maria Setien Donostiako gotzain emeritua saritu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hiruek «gizartearentzako hiritar eredugarriak» izateagatik jasoko dute saria.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen sari gorena da Urrezko Domina. Baziren bost urte diputazioak ematen ez zuela, aurten ordea ohitura berreskuratu eta debagoiendar bat saritu dute gainera: Juan Zelaia. Enpresa gizon oñatiarraz gain Iñaki Gabilondo kazetari donostiarra eta Jose Maria Setien Donostiako gotzai emeritua ere sarituko ditu Aldundiak. Joxe Juan Gonzalez de Txabarriren arabera «Gipuzkoako gizartearentzat hiritar eredugarriak» izatearren emango diete hiruei saria. Zelaiak, Gabilondok eta Setienek datorren hilean egingo den ekitaldi batean jasoko dute domina; data zehazteke dagoen arren, Gabon inguruan izango da.

Kulturan langile

Juan Zelaia Oñatin jaio zen 1920an. Ingeniaritza industrialean doktorea da, eta berak sortu zuen, beste lagun batzuekin batera, Cegasa enpresa; honez gain, beste hainbat enpresa ekimenetan ere hartu du parte. Enpresa munduan egindako lanagatik bakarrik ez, ordea, kulturari egindako ekarpenagatik ere bada ezagun Juan Zelaia. Aurrez beste bi sari garrantzitsu ere jasotakoa da: Sabino Arana saria 2001ean eta Antton Abbadia 2002an.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.