Bidegorria bultzatzeko taldea sortu da herrian

Oñatiko bizikletazaleak izena jarri diote taldeari. Euren eguneroko zereginetarako bizikleta erabiltzen dute, eta horrela jarraitu ahal izateko Oñatin bidegorria behar dela aldarrikatzen dute. Oraingoz sinadura bilketa jarri dute abian.

Zubikoa kiroldegian ari dira Oñatirako bidegorria nahi duten herritarren aldekotasunak batzen. Kiroldegiko harreran utzi dituzte sinadura orriak. Hauxe da Oñatiko Bizikletazaleak taldeak bultzatutako lehen ekintza. Taldea sortu berria da, eta herritarren eguneroko zereginetarako bizikletaren erabilpena aldarrikatzen du; horregatik ikusten du ezinbesteko Oñatik bidegorria edukitzea.

Hainbat traba

Oñatiko bizikletazaleek salatzen dute egun hainbat eragozpen daudela bizikleta erabili ahal izateko. Herriaren zati handienean kamioi, autobus eta abarrekin konpartitu behar izaten dutela bidea, horrek dakarren arriskuarekin; erdialdean, berriz, guztiz debekatuta dago bizikletaz ibiltzea, oinezkoentzako egokitu zutenetik. Oñatiko Udalaren jarrera, oraingoz, debekura mugatzen dela salatzen du talde berriak, eta horren aurrean dei egiten die herritarrei euren eskaerarekin bat egin, iritzia eman eta bizikletazaleen eskubideak defendatzeko. Oraingoz sinadura bilketa jarri dute martxan, baina badute asmoa aurrerantzean ekintza gehiago egiteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.