1.200 lanpostu berri sortzea Ulmaren datozen urteetako asmoa

Txomin Madina Milikua 2007ko eka. 14a, 10:39
Ulma taldeak 2006ko ekitaldiko emaitzak eta 2007rako dituzten aurreikuspenak aurkeztu zituen atzo, eguaztena. Gustura agertu ziren iaz urteak emandakoarekin, eta datozen urteetan hazten jarraitzea da asmoa, batez ere nazioartean.

Irabaziak

2006an 624 milioi euroko salmentak izan zituzten taldea osatzen duten  zazpi sail ezberdinek. Aurreko urtearekin alderatuz, %23ko igoera esan nahi du horrek. Aipatzekoak dira bereziki, Handling Systemsek izan zuen %41ko igora, eta baita Polimeroen %27koa.

Salmentak

Salmenten artean, nazioartekoek %26 egin zuten gora, denera 265 milioi eurotara helduz. 2006koa ekitaldi garrantzitsua izan da nazioartean zabaltzeko taldeak duen asmoetan: horren adibide dira, Ulma Construccionek Txinan erosi duen lantegia, baita Ulma Packagingek Errusia eta Polonian ireki dituen filialak ere.

Inbertsioak

Inbertsioei dagokienez, 141 milioikoak izan ziren iaz. Diru horrekin, besteak beste, bi egitasmo berri garatu ziren: batetik Legazpiko Precinox, eta bestetik, Ulma Forja bera hornitzeko proiektua, Oñatin duen lantegiaren hedapena ekarriko duena.

Lanpostuak

Lanpostuei dagokienez, 331 pertsona gehiago hasi zien 2006an Ulman lanean, orotara 3.513 izatera helduz:1.813 euskal Autonomi Erkidegokoak dira, 1.000 atzerrian eta 700 nazioartean. Langileen %80a gizonezkoak dira, eta %20a emakumezkoak, eta batezbesteko adina 37 urtekoa da.

Nazioarteko merkatua igotzea helburu

2007ra begira, urte haserako aurreikuspenen arabera, 717 milioiko salmentak lortzea espero du Ulma taldeak, nazioarteko merkatua izango litzatekelarik gehien igotzea espero duten esparrua. Inbertsioak, 190 milioi ingurukoak izango dira. Urteak daraman martxa ikusita, helburuak erraz beteko dituztela esan dute arduradunek.

Lanpostu berriak

Orotara, 2007-2010 urte tarteetan, 1.200 lanpostu berri eta 500 milioi euroko inbertsioak egitea da Ulmaren asmoa, 1.000 milioi euroko muga hausteko helburuarekin.

Instalazio berrien inaugurazioa

Emaitzen aurkezpena, Oñatiko Garagaltza auzoan Ulmak egin berri dituen instalazioetan egin zuten. Gaur, eguena, egingo dute egoitza berri horren inaugurazio ekitaldia, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria bertan dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak