1.169.289 euro Errekalde auzoaren eraberritzea hasteko

Mireia Bikuña 2010ko urt. 15a, 16:23
E-planaren bigarren fasean Oñatiko Udalari dagokion dirulaguntza Errekalde auzoaren eraberritzea hasteko izango da. Guztira, 1.169.289 euro erabiliko dituzte auzoa zeharkatzen duen errepidea eta inguruak hobetzeko, oztopo arkitektonikoak kentzeko, autoen abiadura moteltzeko eta oinezkoendako bideak hobetzeko, besteak beste. Dena den, auzoan duten aparkaleku gabezia ez dute orain konponduko. Epeak betetzen badira lanak apiril bukaeran hasi, eta azaroaren 30erako bukatu beharko dituzte.

Autoen bidea estuagoa

Auzoa zeharkatzen duen errepideak itxura berria izango du. Autoendako bidea asfaltozkoa eta estuagoa izango da, 3,5 metrokoa alegia. Gehienezko abiadura 30 kilometro ordukoa izango da auzo osoan, eta bizikletek lehentasuna izango dute.
Bi alboetan espaloiak jarriko dituzte, baina dena maila berean. Hala, oztopo arkitektonikoak kenduko dituzte. Oinezkoen bidean zuhaitz txikiak landatu eta argia beherantz ematen duten farolak jarriko dituzte.

Zebra-biderik ez

Egun auzoan dauden aparkalekuetako gutxi batzuk kendu egingo dituzte. Gainera bateriako aparkalekuak kendu eta luzetarako aparkalekuak jarriko dituzte.
Eguenean onartu zuten proiektuaren arabera ez dituzte zebra-biderik margotuko, baina pasabide berezi batzuk zehaztuko dituzte. Itsuei pasabideak non dauden adierazteko lurrean seinaleak jarriko zaizkie. Horretarako material berezia erabiliko dute.

Planifikazioa

Auzoa eraberritzen hasi aurretik plangintza egokia egin gura dute udal arduradunek lanak egingo dituen enpresarekin. "Ezin dugu auzo guztia hankaz gora jarri aldi berean. Lanak egingo dituen enpresarekin adostuko dugu. Postetxe inguruko eraberritzea bezala, zatika egingo dugu, eta ahal dugun neurrian, oztopo gutxi jarrita. Baina, bertako bizilagunek eragozpenak nabarituko dituzte", dio Idoiaga alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak