Aretxabaletako Aratusteak, olinpikoak

Aurtengo Aratusteak, beste behin ere, ederrak izan dira, olinpikoak, Txapeltxinek iragarri zituen bezala.

Ez dakit marka guztiak hautsi ote dituen, baina onenen pare egon direnik ezin ukatu. 

Txapeltxin egunarekin eman genien hasiera Aratusteei. Karnabalen Lagunek aurten ere giro bikaina jarri zuten, eta arratsalderako herriko plaza jendez bete zen Txapeltxinek Aretxabaleta hiri olinpiko nola izendatzen zuen ikusteko. 

Lerro hauen bitartez eskerrik asko Karnabalen Lagunoi egun hori antolatzen eta aurrera eramaten egiten duzuen lan bikainagatik. Eskerrik asko, baita Aratuste jaien antolakuntzan ematen duzuen laguntzagatik ere. Zuei esker, guztia errazago egiten da.

Aratuste domeka etorri zen ondoren, egun handia. Giro bikaina goizetik gauera, mozorroak era askotakoak, haur, gazte zein heldu, denak batera jaian murgilduta, eguraldia ere lagun. Gehiago ez dago eskatzerik. 

Aretxabaletar denoi zorionak kaleak alaitasunez eta mila kolorez mozorrotzearren. 

Bukatzeko, Aratuste martitzena. Eguraldi petrala, euritsua. Halere, gure herriko haurrak ez ziren kikildu eta gogotsu aritu ziren eskolan ikasitako dantzak eta egindako mozorroak erakusten. 

Eskerrik asko herriko ikastetxeoi eta guraso elkarteoi egun honen antolakuntzan ematen duzuen laguntzagatik.

Ez ditut ahaztu nahi Leizarra Musika Eskolakoak. Aurten ere, Aratuste jaia antolatu dute eta ostiral ilunkara girotu zuten.

Mila esker baita Santa Ageda neska-mutilei eta Aretxabaletako Txistu Taldeari ere, ekintza ezberdinak aurrera ateratzeko ematen duten laguntzagatik. Eta nola ez, egun hauetan lanean buru-belarri aritzen zareten Udaleko langile guztioi.

Besterik gabe, datorren urtera arte. Ziur naiz datorren urtean ere marka guztiak hautsiko ditugula.

Zorionak eta eskerrik asko denoi!

----------

Zigor Quintanilla Elkorobarrutia

(Aretxabaletako Udaleko Kultura zinegotzia)

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak